Hurrengo asteazkenean

Bilboko Udal Txistulari Bandak dantza sartuko du hurrengo ikuskizunean

Ikuskizuna Euskalduna Jauregian egingo da eta Andoni Aresti Dantza Eskolak eta Aitor Furundarena akordeoi jotzaileak hartuko dute parte

17.01.2020 | 13:14
Bilboko Udal Txistulari Banda.

BILBO. Hurrengo asteazkenean, urtarrilaren 22an, Bilboko Udal Txistulari Bandak dantza ikuskizun bat eskainiko du Euskalduna Jauregian. Ekitaldi horretan Andoni Aresti Dantza Eskolako ikasle eta irakasleekin arituko dira, eta Aitor Furundarena akordeoi jotzailea arituko da baita ere. Kontzertua arratsaldeko 19:30ean hasiko da.

Ikus-entzunezko emanaldia Aitor Furundarenaren "Aurtzaka" lanarekin hasiko da eta jarraian, koreografia dotoreen artean, Jonh Denverren "Behin batian Loialan" Egan taldea eta Aitor Arozenaren moldaketekin, Kepa Junkeraren "Fasio/Lurra terra", "Anbototik Oizera" eta "Odolaren boza" David Rivas eta Juan L. Roigen moldaketekin, David Rivasen "Pirineoen magalean IV", Pepe Iantziren "Xoxua" eta betiko "Arku dantza – chantada" eta "Kaskarot" entzun ahal izango dira, besteak beste. Musikaz eta dantzaz gozatzeko aukera bikaina.

Ikuskizuna Euskalduna Jauregiko 0B aretoan izango da eta 19:30etan hasiko da. Sarrerak zenbakituak dira eta Euskalduna Jauregiko txarteldegietan (2 euro), www.euskalduna.eus webgunean (3 euro) eta Kutxabanken zerbitzu anitzeko kutxazainetan (3 euro) erosi ahal izango dira.

Bilboko Udal Txistulari Bandaren hurrengo kontzertua otsailaren 5ean izango da. Banda kontzertu klasikora itzuliko da, bai bere errepertorioagatik baita formazio tipoagatik ere, banda tradizionala izango baita.

ANDONI ARESTI DANTZA ESKOLA

Andoni Aresti Dantza Eskola dantza-disziplina ezberdinak ikasteko zentrua da, bai dantzari profesionalen formakuntzara eta baita dantza gustoko duen edozein pertsonari zuzendua. Salzburgoko Balleteko dantzari printzipala izandako Andoni Aresti Landak eskola hau sortu zuen Leioan 2007 urtean. Bertako lan-taldea ibilbide profesional paregabea izandako 16 irakaslek osatzen dute. Horrez gain, urtero gonbidatzen dira nazioarte mailan prestigio handiko profesionalak ikasleen formakuntza osatzeko helburuarekin.

AITOR FURUNDARENA

Akordeoilari, musikagile eta irakaslea. Euskal Herrian, Parisen eta Kopenhagen ikasia. Bi musika-ardatz ditu: musika garaikidea eta herri musika. Interpretazioan, nazioarteko hainbat akordeoi lehiaketatan saritua, orkestrekin, ganbera musikan, bakarka eta talde ugarirekin aritu izan da eta grabaketa ugari argitaratu du. Sorkuntzan, musika garaikidea eta herri musikaz gain, telebista, antzerki eta zineman aritu da. Kamara Musika, Transkripzio, Errepentizazio eta Herri Musikako Akordeoiko irakasle da Euskal Autonomia Erkidegoko goi-mailako musika ikastegian (MUSIKENE).

BILBOKO UDAL TXISTULARI BANDA

Gaur egun hauek dira Bilboko Txistularien Bandako partaideak: Garikoitz Mendizabal (Zuzendaria), Idoia Kareaga, Gorka Zabaleta, Sabin Bikandi eta Asier García. Urte hauetan aukera izan dugu bi ezaugarri gutxienez antzeman ahal izateko: saioen kalitatea batetik, eta, bestetik, saio bakoitza besteetatik ezberdintzeko egindako ahalegina.

Bidebarrieta Kulturgunean zenbait emanaldi egin ondoren, Euskalduna Jauregian kontzertu-zikloa antolatzen hasi ziren eta gaur egun zikloak indartsu jarraitzen du; bertan, txistularien bandaren saioekin batera goi mailako profesionalekin eta taldeekin lankidetzako saioak uztartu dituzte.

Bandak baditu zazpi disko eta DVD bat kaleratuak: "Bilboko Udal Txistu Banda" (2004); Alos Quartet Harizko Laukotearekin "Harizko Txistua"(2006); "Hala ere" (2007) Kepa Junkera, Pello Ramírez, Aitor Furundarena, Iñaki Salvador, Marijose Arregi eta Xabi Zabalaren laguntzaz; "Bihurrikeritan" (2008) txistularien errepertorio birtuosoa biltzen zuena; "Kantari Gabonetan" (2010) Leioako Kantika Koralarekin; "Plazan" (2014) erromerietako eta dantzaldietako musika-lanekin; Xabier Zabalarekin "Gogoeta" eta azkena, "X Urte, hamaika lagun" (2015) DVDa euren hamargarren urteurrena ospatzeko.