BILBO. Gaur emango zaio irekiera Hego Korean Gyeongnam Social Innovation Global Foruma. Bertan da Bilboko Udaleko Gobernantza eta Proiektu Estrategikoetarako zinegotzi Gotzone Sagardui, zeinak Bilbo ordezkatuko du Changwon hirian ospatzen ari den ekitaldian. Foruma urtarrilaren 11ra arte iraungo du, eta 400 tokiko agintari baino gehiago hartuko dute parte.

Gotzone Sagarduik Bilboko bilakaera eta egungo eta etorkizuneko proiektuak aurkeztuko ditu irekiera-saio horretan, eta gobernantzarekin eta herritarren parte-hartzearekin loturik dauden gaiak azalduko ditu. Aurkezpena amaitu ondorik, Gyeongsangnameko gobernadoreak emango dio hasiera irekiera-saioan esku hartuko duten hirien, hots, Bilboren, Malmoren eta Portlanden hiri-ereduari buruzko eztabaidari. Changwonen, Gobernantza eta Proiektu Estrategikoetarako zinegotziak eraldaketa-prozesuan dauden eta gainbeheran diren industrialdeak bisitatzeko aukera izango du, batez ere ontziolen arloko industrialdeak.

Hego Koreako egonaldia astelehenean, urtarrilaren 13an, amaituko da Seulen, berrikuntza soziala eta teknologiaren garapena sustatzen dituen Hego Koreako hiriburuko Think Tank garrantzitsu batek antolatutako mahai-inguruarekin. Changwon hiriko foroan bezala, Malmo eta Portlandeko udalerrietako ordezkariek parte hartuko dute eta topaketak Asiako herrialdeko agintari eta alkate ugari bilduko ditu.

Hego Koreako bi hirietara, hau da, Changwonera eta Seulera egingo duen bisitan, Gotzone Sagarduik Hego Koreako alkate eta figura garrantzitsuekin hainbat bileratan parte hartuko du. Era berean, GSEF Gizarte Ekonomiarako Foro Global deritzon sareko idazkari nagusiarekin bilduko da, Bilboko hiria Foro horren eskubide osoko kide baita 2016. urtetik.