BILBO. Bilboko Udalak Errekaldeko frontoi zaharra erabilera askotako eta estali gabeko ludoteka bihurtu du. Espazio berria da auzoarentzat, eta ordutegi kontrolatua du: larunbat, igande eta jaiegunetan, 11:00etatik 20:00etara, eta lanegunetan, 17:00etatik 20:00etara. Jolas-txokotan antolatuko da. 300 metro karratuko espazio honek irakurketa-gela, jolas/tailer gela, erabilera askotako entzunaretoa, ume-jokoak eta joko elektroniko interaktiboak dauzka. Zona interaktiboak hainbat aplikaziorekin jolasteko aukera ematen du: aritmetika, alfabetatzea, sormena, letren eraketa, musika eta artea.

Ekimen honekin, Bilboko Udalak auzoen bizitasuna bultzatu nahi du, Auzoko Bihotzen programan txertatzen diren proiektuen bidez.

Espazio hau zenbait jarduera-txokotan banatu da: irakurketa, jolasak, tailerrak, txotxongiloak, umeen espazio bat, erabilera askotako entzunareto bat, eta izaera interaktiboko espazio bat. Hori guztia hainbat publiko uztartzeko asmoz, bai familia osoak, bai adin guztietako umeak.

Bilboko Udalak, Obretako eta Hiri Plangintzako Sailaren bidez, 193.000 euro baino gehixeago inbertitu du ekipamendu honetan, auzoko bizi-kalitatea hobetu eta indartzeko.

IRAKURKETA GELA

Irakurketa gelan, udalak mahaiak eta sofak jarri ditu, lanparekin, egonleku atseginago bat sortzeko. Lurrean parket-biniloa ipini du, giro atseginagoa sortzeko, eta mugak apalategiekin ezarri dira. Apalategietan adin guztietarako materialak sartu dira, eta bookcrossing egiteko erabili ahalko dira. Apalategia osatzen duten kuboetako batzuek argia daukate, eta beste batzuek landareak. Apalategiak funtzio bikoitza du beraz: batetik, irakurketarako espazioa mugatu eta atseginagoa egiten du. Bestetik, tailerretako materiala gordetzen du.

JOLASERAKO ETA TAILERRETARAKO ESPAZIOA

Zona hau modulu indibidualez eratuta dago, era irregularrean antolatuak. Hiru mahai daude, 49 cm-ko altuerarekin, gauzak gordetzeko balio dutenak. Mahai horiek ume txikiek nahiz helduek erabili ditzakete, material komuna erraz hartu baitaiteke (pinturak, eraikuntza-piezak, eta abar). Espazio honetako zorua belar artifizialezkoa da, kolpeak leuntzeko eta erabiltzaileen zentzumenak estimulatzeko. Ludotekaren sarreratik hurbil, mahai-joko konbentzionalak jarri dira, hala nola partxisa, antzara-jokoa eta xakea. Eskaintza honez gain gehiago jar daitezke: diana, ontziak hondoratu edo igel-jokoa, guztiak ere adin askotako pertsonentzat.

ERABILERA ASKOTAKO ENTZUNARETOA

Ondoko zona batean, erabilera askotako antzoki edo entzunareto bat prestatu da. Espazio honek 16 eserleku ditu publikoarentzat, tailerretan ere erabil daitezkeenak. Modu berean, agertoki bat dauka hitzaldietarako, antzezlanetarako, txotxongilo-emanaldietarako edo antzekoetarako.

UMEENTZAKO JOLASGUNEA

Jolasgunearen atzealdean, udalak espazio bat prestatu du, banku luze batek mugatua. Espazio honek igerileku itxura du eta 4x4,5 metro dauzka. Zona honetan eraikuntzako bloke erraldoiak jarri dira, umeek nahiz helduek erabiltzeko. Jolasgunearen gainerakoa modulu poligonalek eratzen dute, F1 auto baten itxurarekin.

ESPAZIO INTERAKTIBOA

Espazio interaktiboa argi gutxiago dagoen zona batean dago. Bi mahai interaktibo daude. Softwareak hainbat aplikaziorekin jolasteko aukera ematen du: aritmetika, alfabetatzea, sormena, letren eraketa, musika eta artea. Tresna honi esker, umeek gizarteratzen, txandakatzen, elkarrekin lan egiten, konpartitzen eta komunikatzen ikasiko dute. Gainera, sabaian ikus-entzunezko bi proiektore egongo dira zenbait jolas interaktibo proiektatzeko zoruan. Joko bakoitza 3x2 metroko eremu batean proiektatuko da, binilozko zoru batean, modu interaktiboan jokatu ahal izateko. Ludotekan dauden gauza guztiek umeen eremuen segurtasun-arau guztiak betetzen dituzte, bai instalazioan, bai diseinuan, bai fabrikazioan.

AUZOKO BIHOTZAK

Auzoko aisialdiko eta jostetako espazio berri honen eraikuntza Auzoko Bihotzen barruan sartzen da. Auzoko Bihotzen proiektua estrategikoa da. Haren helburua da auzoetara zabaltzea uriaren erdiguneak daukan jarduna, auzo bakoitzaren pertsonalitatea errespetatuz eta indartuz. Udalaren helburua da auzoek presentzia izan dezatela urian, baina auzoetatik abiatuta, euren ezaugarri bereziekin, eta horrela bilbotar guztiei euren ekarpena egitea.