Bilbo - Atsotitzak berak dionez, Santo Tomas eguna, argitu orduko iluna izan arren, goiz guztian zehar distiratsu egon zen eguzkia zukutu zuten atzo azokara hurbildu ziren milaka eta milaka pertsonek. Azken urteotako ediziorik jendetsuena izan zenaz ez dago dudarik, eguraldi onak eta larunbata izateak iragartzen zuen bezala. Antolatzaileen arabera, 100.000 pertsona baino gehiago ibili ziren Areatzan, Plaza Berrian eta Arriaga Plazan jarritako 248 postuen artean. Arratsaldeko hirurak baino pixka bat lehentxeago hasitako euriak ez zuen jai-giroa zapuztea lortu gaur arte ospatutako ediziorik jasangarrienean. Izan ere, azoka tradizionalak ingurumenarekin begirune handiagoa izateko asmoa erakutsi zuen eta, aurten, 35.000 edalontzi berrerabilgarri eta poltsa biodegradagarriak banatu ditu BBK fundazioak.

Bizkaitar batekin ezkondu berri den Shiho Jinno tokiotarrarentzat lehen azoka izan zen atzokoa. "Oso polita da, guk ere antzeko ekimenak ditugu Japonian", adierazi zuen aizkolariak ikusi ondoren. Bere senarra den Mikeldi Cesterosek, bereziki, "baserritarrez jantzitako haurrak" gustatu zitzaizkiola azaldu zuen. Eta janariari dagokionez, "gazta bai, baina artxoa, ez". Areatzan bertan, distantzia labur batean, Santurtzi eta Portugaleteko erretiratutako emakumeen talde bat aurki zitekeen. Ez dute baserritarrez janzteko hitzordua inoiz galtzen. "77 urte ditut eta 12 ditudanetik nator. Ordutik asko aldatu da, kontsumo gizartearen balioen eraginez", kexatu zen Errukiñe Pereda. Bere ondoan, bere lagunetako batek gaur egun egiten diren taloak deitoratu zituen: "Edo erreta daude, edo egin gabe".

Dena ez ziren kexak. Ekoizleentzako oso azoka ona izan zen atzokoa salmenta aldetik, postu askok ohi baino lehenago itxi behar izan zuten eramandako stock guztia saldu ondoren. Ugabe txakolinaren kasua izan zen. Urriko Azken Astelehenean gaztaien lehen saria irabazi zuen Quesos Aguiñigaren arduraduna den Jose Ramón Martínezek ez zuen atsedenerako tarterik izan. "Azken urteotan sari asko jaso ditugu. Horrek hainbeste ardi edukitzeak dakarren eguneroko ahalegina indartzen du", adierazi zuen. "¿Boltsa emango dizut?", galdetu zion bezero bati. "Ez, eskerrik asko, badaukat", erantzun zion. Antzeko zerbait gertatu zen Jacqueline Txertudiren postuan. Kortezubiko Nanikeko ekoizleak ez zuen boltsarik atera behar izan Juan Carlos Agirreren-tzat, motxila eraman baitzuen indabak erosi ostean bertan gordetzeko. Hala ere, Txertudik aitortza bat egin zuen: "Jendea triste hurbildu da, iazko boltsak ez ditugulako. Beltzak ziren, oso dotoreak eta heldulekuekin". Baina ez ziren biodegradagarriak.

Segurtasuna Azoka babesteko inoiz baino segurtasun neurri nabarmenagoak hartu ziren. Adibidez, ibilgailuentzako sarbideetan atentatu terroristak saihesteko hesiak jarri ziren. "Jende gehiago dagoenean aukera gehiago dago lapurketaren bat egoteko", azaldu zuen, bestetik, Juan Mari Aburto alkateak atzo goizean, taloa jan aurretik. "Horregatik daukagu hainbeste polizia Areatzan, eta baita jai-eremuaren sarbideetan", erantsi zuen. Izan ere, Ertzaintza eta Udaltzaingoaren artean koordinatutako "izugarrizko" dispositibo egon zen atzokoan. Zorionez, Udaletik adierazi zutenez, ez zen ezustekorik egon eta lasaitasuna izan zen nagusi egun guztian zehar. Goizean 30 urteko gizonezko bat itsasadarrera erori edo bota zen arren -ez zuten argitu nola bukatu zuen bertan-, bere kabuz irten zen.

Aizkolarien erakustaldia ospatu zen tokitik gertu, erroskillak saltzen zegoen Galdakaoko Manoli Ramírez. Klasiko bat salatu zuen: "Mihura saltzeko 400 euro baino gehiagoko zerga bat ordaindu behar izan dut, Herbeheretatik baitator. Baina udaletxeko zubian mihura ilegala saltzen ari dira, bertoko arboletatik kendutakoa, nahiz eta debekatuta egon". Hala ere, 73 urteko saltzaileak ez zuen irribarrerik galdu.

Edalontziak Genero-indarkeriaren kontra jarritako Puntu Moratuaren ondoan, harrotasunez erakusten zuten Matienatik hurbildutako Mari Carmen Varela eta Loli Martin 50 zentimogatik erositako zinta gorria zeramaten edalontzi berrerabilgarriak. "Edalontzi bakar batekin lau txakoli edan ditzaket, horretarako iaz lau edalontzi erabiliko nituzke", adierazi zuten, jasangarritasuna sustatzeko ekimena txalotuz. Dena den, denon erantzukizuna dela aldarrikatu zuten. "Arratsaldean gazteek botiloia egiten dute eta dena uzten dute lurrean", esan zuen Lolik. "Eskola galtzen dute manifestaldietara joateko, baina ez dute birziklatzen. Nire etxean zaborra ez dute behar den edukiontzian gordetzen", gaineratu zuen Carmenek.

Plaza Barria zeharkatu eta Alde Zaharrerantz egitea konplexua baldin bazen, beste toki batzuetatik ibiltzeko ere pazientzia beharrezkoa izan zen. Euria hasi baino lehen Arriaga Plazan botiloia egiten zegoen hainbat jende bildu zen. Beste klasiko bat. Beatriz, Leire, Alaitz, Joane eta Elik, 19 urteko bilbotarrek, multzo bat osa-tzen zuten botila artean. "Garbi uzten saiatzen gara, baina batzuetan, mozkorrarekin, ahaztu egiten zaizu", aitortu zuten. "Askok edukiontziak gertu ez daudela esaten dute, baina aitzakia baino ez da", onartu zuten. Izan ere, tamaina ezberdinetako 370 edukiontzi zeuden jai-esparruan. Konklusioa: asko aurreratu da, baina asko dago egiteke.