BILBO. Gabon hauetan kalean egongo diren jarduerak direla eta, Bilboko Udalak gomendioen zerrenda bat argitaratu du inolako arazorik ez egoteko. Gomendio horien artean garraio publikoa erabiltzea eta petardoekin kontuz ibiltzea bezalako gakoak agertzen dira.

Egun hauetan urian zirkulazio handiagoa izaten da eta leku batzuetan, batez ere uriko sarrera-irteeretan eta merkataritza-guneen inguruetan, auto-pilaketak izaten dira. Jai-egunak direla-eta, alkoholarekin lotzen diren ospakizunetarako joan-etorriak egiteko zein Gabonetako erosketak egiteko garraio publikoa erabiltzeko aholkua eman gura die herritarrei, bide-segurtasuna bermatzeko eta ibilgailuen pilaketak eta bestelako endredoak saihestu nahian.

Era berean, Bilboko Udalak herritarrei dei egin die material piroteknikoa maneiatzeak euren eta beste pertsona batzuen segurtasunean, objektuen eta ondarearen segurtasunean ekar dezakeen arrisku handiaz jabetu daitezen. Hala, Gabonetan suziririk eta petardorik ez jaurtitzeko eskatu du aurten ere.

Petardo eta suziriak behar bezala erabiltzen ez direnean, erredura eta zauri larriak eragin daitezke. Gainera, gehienetan endredoak sorrarazten zaizkie auzokoei eta batez ere, talde ahulenei -umeei, adineko pertsonei edo gaixorik daudenei eta etxeko animaliei- eta ordena publikoa kaltetu.

Bestetik, suziri eta petardoak hiriko eraikin eta altzarien aurka jaurtitzen direnean, arrisku erantsia dago. Iazko Gabonetan, suziri gehien jaurtitzen diren lau egunetan -Gabon gauean, Eguberri egunean, Gabon zahar gauean eta Urtebarri egunean- Bilboko suhiltzaileek 76 irteera egin zituzten eta horietako 47 (% 62) suteak izan ziren. Hiri-altzarietan 18 sute eragin ziren eta 6 eraikinetan kalteak.

Ildo horretan, Bilboko Udalak gizalegearen aurkako horrelako jarreren aurrean herritarren laguntza jasotzeko deia luzatu du, eta gogorarazi dute egunotan suziriak baimenik gabe sal ez daitezen kontrol zorrotza egiten ari dela Udaltzaingoa saltokietan eta kaleko salmentako postuetan. 2018an 75,7 kilo material pirotekniko konfiskatu zen ikuskapen horietan.

SUZIRIAK MANEIATZEKO GUTXIENEKO ADINA, KATEGORIAREN ARABERA

Suziriak Gobernuaren Ordezkaritzak baimendutako saltokietan erosi behar dira eta kontuan hartu behar da horiek maneiatzeko gutxieneko adina.

F1 kategoria:

  • Arrisku oso txikia
  • Barrualdeetan erabili daitezke.
  • Gutxieneko adina: 12 urte
  • Adibideak: Bengalak eta bonbatxoak.

F2 kategoria:

  • Arrisku txikia.
  • Aire zabalean erabili (lorategietan eta abarretan).
  • Gutxieneko adina: 16 urte.
  • Adibideak: Petardoak, bengalak eta iturriak.

F3 kategoria:

  • Tarteko arriskua
  • Estali gabeko lekuetan erabili, eremu handi eta zabaletan.
  • Gutxieneko adina: 18 urte.
  • Adibideak: trumoiak, trakak eta bolanderak.

AHOLKUAK

  • Kasu egin elementu piroteknikoen kutxetan datozen jarraibideei.
  • Su artifizialak, bolanderak eta abar bota baino lehen, ziurtatu horiek gorantz egitea eragozten duen ezer ez dagoela; ez isiotu beste suziri batzuen ondoan eta ez gorde suziririk poltsikoetan edo arropetan.
  • Ez jarri gorputz-atalik suziriaren gainean edo aurrean.
  • Ez jaurti pertsonen, animalien edo ondasunen kontra.
  • Begiratu erabilera-arauak, ez maneiatu suzirien osagaiak eta ez jaurti akatsen bat badaukat.
  • Ez jarri botilen edo laten barruan.
  • Metxa urrunen dagoen muturretik piztu, haizeari bizkarra emanda. Metxa piztu eta berehala, urrundu. Behar bezala isiotu ez bada, itxaron gutxienez 30 minutu atzera isiotu baino lehenago. Metxa bere horretan ez badago, suziria ezereztu egin beharko litzateke, urez betetako ontzi batean sartu eta bertan gutxienez 8 orduz utzita.
  • Ez erosi suziririk bere ontzian edo bilgarrian ez badago.

POLIZIAREN KOORDINAZIOA GABONETAKO DISPOSITIBOA BEREZIAN

Bilboko Udaltzaingoak eta Ertzaintzak dispositibo berezia ezarri dute merkataritzako eta aisiako gune nagusietan. Horren bidez, herritarren segurtasuna bermatu, trafikoa kontrolatu, trafikoa kontrolatu, kaleko legez kanpoko salmenta eta ondarearen aurkako delituak saihestu nahi dira.

Horiek horrela, Udaltzaingoak eta Ertzaintzak areagotu egingo dute zaintza-lana -uniformedun agenteak eta kaleko arropekin doazenak ibiliko baitira merkataritza-jarduera handiena duten auzoetan (Abando, Indautxu, Zazpi Kaleak eta Deustu), batez ere egun seinalatuetan, San Tomas bezalako egunetan edota kalean egiten diren aisiako jardueretan, horietan gertatzen dira-eta gehien bat era horretako delituak.

Dispositiboaren helburu nagusia da diru-zorroen eta mugikorren lapurretak eta ebasketak saihestea. Hortaz, herritarrei dei egiten zaie norbere gauzak ondo zaintzeko, poltsa edo motxila zarratuta eramateko eta konfiantzarik ez izateko nonor modu susmagarrian hurbiltzen bazaigu. Horren harira, gogorarazi nahi dugu era honetako delituak -ebasketak, lapurretak eta kalteak jasatea esparru publikoan edo saltokietan- polizia-etxera joan gabe salatu daitezkeela; nahikoa da udaltzain batengana jotzea edota 092 telefonora deitu eta udaltzain bat etortzeko eskatzea.

Era berean, Udaltzaingoak eta Ertzaintzak gaueko aisiako gune nagusietan - Zazpi Kaleak, Bolueta, Jesusen Bihotza plazaren ingurua, Deustuko eta Zorrotzaurreko ibarrak eta Abando- zaintza-lana areagotuko dute eguenetan, barikuetan, zapatuetan eta jai bezperetan; gainera, gidatzean alkoholik eta drogarik ez kontsumitzeko prebentzio-kanpaina gehiago egingo dira.

Bilboko Udaltzaingoak, Euskadiko Bide Segurtasunerako eta Mugikortasun Segururako Plan Estrategikoaren barruan, urtarrilaren 5era arte kontrol eta zaintza-lanak areagotu egingo ditu, batez ere, zirkulazio handieneko lekuetan, errepidean istripuak izateko faktore nagusietako bati, ahal den neurrian, aurrea hartzeko; izan ere, 2018an Estatuan errepidean hildakoen % 21etik gorako kasuetan agertu ohi den faktorea da, DGTren datuen arabera.

Bilboko Udaltzaingoak urtero egiten ditu horrelako ekintzak garai honetan; aurreko kanpainan 27 kontrol eta 434 proba egin ziren (413 alkoholemia neurtzeko eta 28 drogen kontsumoa). Hauek izan ziren emaitzak: 28 positibo alkoholaren kontsumoan (guztien % 6,8) eta positibo 1 drogetan.