Bilbo - Urtero 100.000 lagun baino gehiago biltzen dituen Santo Tomas azoka ohi baino jendetsuagoa izatea espero da aurten. Larunbatean ospatuko den 72. edizioarako “operatibo oso garrantzitsua” aurreikusi du Bilboko Udalak, batez ere segurtasunari dagokionez. Batetik, Ertzain-tza eta Udaltzaingoa elkarlanean arituko dira jai-esparrua zain-tzeko. Oinezko patruilen eta uniformerik gabeko agenteen lana indartu egingo dute suertatu litezkeen gorabeherei (diru-zorroen lapurketa zein borrokak esate baterako) erantzun azkarra emateko. Bestetik, jai-eremuaren perimetroan kontrol finkoak ezarriko dira.

Amaia Arregi Segurtasun zinegotziaren esanetan, beste urte ba-tzuetan egin den bezala, hesiak jarriko dira, herritarren segurtasuna zaintze aldera, Ernesto Erkoreka plazan, Plaza Biribiletik Nafarroa kalerako sarreran eta Erribera kalean, Mesedeetako zubiaren parean. “Barne Ministerioak atentatu jihadistagatik alerta laugarren mailan mantentzen du. Kontuz ibiliko gara perimetroaren inguruan, auto batekin inor sar ez dadin”, adierazi zuen zinegotziak atzo. Bestetik, osasun-dispositiboa, aurten ere, Areatzako aterpeetan jarriko dutela argitu zuen. Iaz 28 lagun artatu ziren eta horietatik zazpi Basurtuko ospitalera eraman behar izan zituzten. Gogoratu zutenez, Udaltzaingoaren EraStop aplikazioak martxan jarraituko du. Arregik, gainera, “erantzukizun aktiboa” eskatu zien herritarrei “eraso sexisten aurka”.

Jai-eremua 9.30etatik egongo da zirkulaziorako itxita; zehazki Zingira kalea, Erribera kalea eta Area-tzako zubia. Halaber, Mugikortasun zinegotzia den Alfonso Gilen esanetan, gaueko ordu biak arte aparkaleku guztiak itxita egongo dira. “Salbuespen bakarra Area-tzan dagoen txandaketa aparkalekua da”, esan zuen. Urtero legez, Bilbobuseko 22 lineatan aldaketa puntualak emango dira eta Bizkaibusak Bailen kaleko geralekua zerbitzurik gabe utziko du, ordezkoa Hurtado de Amezaga kalean jarriko delarik. Gainera, Bilbaobizi zerbitzuaren Arriaga plazako eta San Nikolaseko puntuak ezgaitu egingo dira aldi baterako. “Mugitzeko metodorik hoberena garraio publikoa eta oinez egitea dira”, gomendatu zuen Gilek.

Garbiketari dagokionez, tamaina ezberdineko 370 edukiontzi eta 120 langilek osatutako dispositiboa egongo dela zehaztu zuen Kepa Odriozola Zerbitzu eta Bizi-kalitatearen zinegotziak. “Saltokiei hondakin-mota batzuetarako edukiontziak emango zaizkie, eurentzat bakarrik, eta horiek jasotzeko zerbitzu berezia egongo da”, azaldu zuen. Bestetik, itsasadarraren garbiketa indartuko da. Iaz 95 tona hondakin baino gehiago bildu ziren; 26 tona beira, 5 tona paper eta kartoi eta 64 tona gainerako motatakoak. 600 litro olio ere jaso ziren.

Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo saileko ikuskatzaileek elikagaien banaketa eta salmenta-puntuak bisitatuko dituzte. Yolanda Diez zinegotziaren arabera, 248 postuetatik 223 aztertuko dira. Gainera, jatetxe, taberna eta kafetegietan egiten diren programatutako kontrol higieniko-sanitarioak bere horretan mantenduko dira. Diezek erositakoaren faktura edo tiketa gordetzea gomendatu zuen. Izan ere, bere esanetan, ezinbestekoa da faktura erreklamazioak egiterako orduan. Bukatzeko, neurriz gastatzeko eta kontsumo-jarrera arduratsua izateko aholkatu zuen, legez kanpo dauden saltokietan ez erosteko esanez.