BILBO. Bilboko Udalak segurtasuna indartu nahi du Gabonetan eta merkealdi epean, lapurretak direla eta garai arriskutsuak direla jakinda. Epe honetan, saltokiek 25 salaketa inguru egiten dituzte egunero lapurretak direla eta.

Horrelako delituak egiten dituzten pertsonek biktimen oharkabetasuna baliatzen dute, bai kalean, bai denda eta aisiarako lokaletan, telefonoak eta diru-zorroak kentzeko, batez ere. Banaketa-furgonetak ere delinkuentzia-mota horren helburu dira, paketeak entregatzen diren uneak baliatzen baitituzte salgaiez jabetzeko.

Oharkabean ebasteaz ez ezik, bestelako lapurreta-teknikez ere ohartarazi dute Udaltzaingoak eta Ertzaintzak, hala nola, besarkada solidarioaz edo eremu publikoan edozein aitzakiarekin edo galderekin biktimarengana hurreratzeaz.

Gogorarazi behar da ezen, joan den urriaren 7tik, Bilboko herritarrek nahiz bisitan datozkigun turistek aukera dutela delitu horiek polizia-etxera joan gabe salatzeko (alegia, kalean edo dendetan ezezagunek egindako ebasketak, lapurretak edo kalteak). Hain zuzen, udaltzaingoaren agente batengana jo dezakete zuzenean kalean bertan, edo 092ra deitu dezakete, udaltzain bat joan dakien.

ELKARREKIKO ANTOLAMENDUA

Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren elkarrekiko antolamendu hori agente uniformatuek eta kaleko jantziez jantziek osatuko dute, eta ilbeltzaren 18ra arte luzatuko da. Neurri horrekin, zaintza estuagoa ezarri nahi da merkataritzazko jarduera gehien hartzen duten auzoetan: Abando, Zazpi Kaleak, Indautxu eta Deustu, batez ere; eta astelehenetik larunbatera bitartean ezarriko da, merkataritzako ordutegian.

Laster merkatari-elkarte zenbaiti helaraziko zaie planari buruzko informazioa, bai eta gomendioak ere, delitu mota horiek saihesteko eta delitu horiek gertatuz gero nola jokatu jakiteko.

Gainera, udaltzaingoak bezala ertzaintzak dei egiten diete herritarrei zuhurrago ibil daitezen jende asko ibiltzen den saltokietan eta kaleetan. Gainera, gomendatzen dute arretaz zaintzeko nork bere gauzak, zorroa edo bizkar-zorroa ondo itxita eroatea, eta ez fidatzea era susmagarrien hurreratzen zaizkigunez; guztia, lapurretak eta ebasketak saihestearren.

Beste alde batetik, Udaltzaingoak eta Ertzaintzak, elkarrekiko antolamendu horren bidez, zaintza estuagoa ezarriko dute gaueko aisialdiko gunerik jendetsuenetan, hala nola Zazpi Kaleak, Bolueta, Jesusen Bihotzaren plaza inguruak, Deustuko Erribera eta Zorrotzaurre eta Abando. Kasu honetan, zaintza estuagoa izango da eguenetan, barikuetan, zapatuetan eta jai bezperetan, gaueko txandetan (gaueko bederatzietatik goizeko seietara).

Laugarren urtea da ilaran holako elkarrekiko antolamendu bat ezartzen dena, zeinari esker poliziek informazioa eta mezuak trukatzen baitituzte elkarrekin. Iaz elkarrekin egin zuten zainketa-kanpainan, Ertzaintzak eta Udaltzaingoak 59 pertsona atxilotu zituzten, eta 128 pertsona ikertu.

Susmoren bat izanez gero edo gorabeheraren bat ikusiz gero, aholkatzen da 112ra deitzea, Ertzaintzari deitzeko, edo 092ra, Udaltzaingoari deitzeko.