BILBO. "Bilboko ospetsuen" zerrendari gehituko zaizkion lau izendapen berriak banatzeko ekitaldia; zerrenda horrek, dagoeneko, 103 izendapen biltzen ditu: Mari Puri Herrero Martínez de Nanclares, margolaria, eskultorea eta grabatzailea. Bere ibilbide artistiko oparoagatik eta Bilboko imajinarioari egin dion ekarpenagatik. Jaime A. Gil Lozano, hortzen estetikaren arloan nazioarteko erreferentea. Bere izaera ekintzaileagatik eta Bilbotik profesional arrakastatsua izateagatik. Marta Macho Stadler, matematikaria. Dibulgatzaile zientifiko gisa egindako lanagatik eta zientzian emakumearen papera ikusgarri egiteagatik. Javier Salgado Martín, saskibaloi jokalaria. Kirolaren balioekin eta Bilboko saskibaloiarekin duen konpromisoagatik.BILBOKO OSPETSUAK 2019MARI PURI HERRERO MARTÍNEZ DE NANCLARES. “Bere ibilbide artistiko oparoagatik eta Bilboko imajinarioari egin dion ekarpenagatik”Mari Puri Herrero margolari, eskultore eta grabatzaile ezaguna Bilbon sortu zen, 1942an. Euskal Herriko artearen arloan bizirik dauden artisten artean aipatuenetako bat, oraindik ere lanean ari dena lau hamarkada baino gehiagoko karrera egin ostean. Hasiera-hasieratik, arte figuratiboaren alde egin zuen, Goya bezalako maisu zaharren eragina igartzen zitzaiola. Geroztik, haren obra, euskal artean hedatutako Eduardo Chillida, Jorge Oteiza, Rafael Ruiz Balerdi, Nestor Basterretxea eta abarren abstrakzioaren ondotik sortu zen korronte figuratiboan txertatu zen. Figurazio berriaren korronte honi lotu zitzaizkion, besteak beste, Isabel Baquedano, Vicente Ameztoy, Andrés Nagel eta Marta Cárdenas. 1963an egin zuen lehenengo erakusketa.Herreroren gairik ohikoenek hainbat irakurketa ahalbidetzen dituzte; paisaietan, hirietan nahiz barnealdeetan txertatutako figurak ageri dira. Errealismo magikotik hurbil dagoen girotik abiatuta, Herrerok poesia eta literatura arloko gai unibertsalak hautatzen ditu. Euskal Herriko gaiak jorratzean, "euskal zeraren" topikoari itzuriz egiten du; bere pertsonaiak trajez jantzitako gizonak izaten dira, eta arropa denborazkanpokoz eta lausoki antzinakoz jantzitako giza-irudiak. Lehen begiratu batean, haren obrak adeitsuak eta bareak direla jo daiteke; haietako askotan, ordea, badira ezaugarri artegagarriak: presentzia iheskorrak, irribarre anbiguoak... Behin eta berriro agertzen dira gorbatadun pertsonaiak, eta ez da erraza horri esangura bakar bat antzematea. Natura, zuhaitzak eta hegaztiak ere sarri ageri dira haren margolanetan.

Gaingiroki, Herreroren estiloak bilakaera bat izan du berrogei urtean zehar, figurazio trinko, kolore ase eta profil itxiekiko batetik figurazio ukiezinago, pintzelkada askeekiko eta argitsuago batera. Haren gaztetako produkzioak, Amsterdamen egindago egonaldiak markatuta ("Paisaia figurekin", 1966), paleta ilun samarra du ezaugarri, berdeak eta urdinak pintzelkada lauetan. Sinbolistak eta Munch-en eta Gauguin-en lan batzuk ekartzen dituzte gogora. Beste margolan batzuetan, Herrerok nabarmenagoak ditu trazua eta keinua, eta tonuen kontrastea ere bai, James Ensor gogora ekarriz. 80-90 urteetan, jada, berde eta urdin arinago eta kartsuagoen presentzia eraberritua nagusitzen da. Tonu beroak, usu, ez dira urrekara eta arrosakara baizik, gune oso jakinetan emanak, nabarmenkeriarik gabe.

Herrian ere nolabaiteko ospea bildu du Marijaia pertsonaia sorturik, Bilboko Aste Nagusiaren ikurra. Erakunde-logotiporen bat ere diseinatu izan du. Herreroren ospea Espainiara hedatu da eta ARCO ferian parte hartu ohi du.

Oraintsuagoko margolanak hainbat formatutako mihisetan eginak dira, zuhaitz mardulekiko naturaren gaia landuz. 2006ko ilbaltzean, azken lanak Bilbon erakusgai jarri zituelarik, Herrerok adierazi zuen indarberriturik margotu zituela, kolorea are kartsukiago erabiliz; zuzenean ematen ditu pigmentuak mihisean, aldez aurreko nahasketa zailik gabe.

Herreroren lanak Euskal Herriko museorik ospetsuenetan erakusten dira. Bilboko Arte Ederren Museoak badu haren lanen bilduma askotariko bat, aldi bateko eta besteko formatu handiko mihisezkoa. Museoak 2002a aldera erosi zituen haren oraintsuko bi lan, gutxienez: Areatzara ematen duen barne bat (1999) eta Albiako Lorategia oinezkoekin (2002a aldean), zeintzuk museoak egindako erosketa berrien erakusketa kolektibo batean sartu baitziren, 2007ko abenduan.

JAIME A. GIL LOZANO. "Bere izaera ekintzaileagatik eta Bilbotik profesional arrakastatsua izateagatik"

Jaime Gil, EHUko katedraduna, Bilbon sortu zen, 1953an; erreferentea da hortzen estetikaren arloan, estatuan nahiz nazioartean, eta aitzindaria gure herrialdean diziplina honetako etengabeko prestakuntza profesionala sustatzen.

UPV/EHUn Medikuntzan eta Kirurgian doktoratu ondoren, Kalifornia Hegoaldeko Unibertsitatean egin zuen graduondoko prestakuntza, Los Angelesen, eta handik inportatu zuen gure urira hainbat espezialitate odontologiko biltzen dituen diziplina anitzeko kontsultaren kontzeptua.

Bilbotar honek aitortua du maiteminduta dagoela bere uriarekin, eta Bilboren enbaxadore aparta da, izan ere, nazioarteko biltzarretan ematen dituen hitzaldietako lehendabiziko diapositiba Bilboren irudia izan ohi da.

Era berean, bere lanbidearekiko grina bizia duen bilbotar honi Urteko Dentistaren Saria eman zion iazko Eguberrietan Espainiako Dentisten Kontseilu Nagusiak, Bizkaiko Odontologia Elkargoaren ahobatezko proposamenez. 2018ko otsailean, Chicagon, International Federation of Esthetic Dentistry delakoaren presidente izendatu zuten. Nazioarteko erakunde honek mundu osoko Hortz Estetikaren arloko 40 Elkargo Zientifiko biltzen ditu.

Jaime Gil European Academy of Esthetic Dentistry delakoaren sustatzaile, sortzailekide eta presidentea izan da. Halaber, Protesi Estomatologiko eta Estetikaren Espainiako Elkartearen Urrezko Domina jaso du Ahozko Estetika eta Errehabilitazioaren arloan egindako lan aitzindariagatik. Duela 30 urte baino gehiago, Zabalegui doktoreekin batera, Albia Hortz Klinika sortu zuen, zeina, arlo anitzetako erreferentzia bihurtu baita, Bilboko herritarrek eta lanbideko kideek ospe profesional itzela aitorturik. Haren emazte Margarita López-Areal doktorearekin batera, hau El Parque Hortz Zentroko zuzendari eta Ortodontzia arloko espezialista baita, Odontologiarekiko grina Alfonso eta Jaime semeei helarazten jakin du, bi-biak dentistak baitira.

Alfonsok Advanced Periodontology Program eta Advanced Surgical Implant Program deritzenak egin ditu Kalifornia-Los Angeleseko Unibertsitatean, eta egun Aho Errebilitazioaren espezializazioa osatzen ari da Zuricheko Unibertsitatean, berrikitan Odontologiako Doktore Gradua jaso duelarik.

Jaimek UPV/EHUn egin zituen Odontologia ikasketak eta bere promozioko Espedienterik Onenaren Saria jaso zuen. Egun, Ortodontziako Graduondokoa egiten ari da Valentziako Unibertsitateko Medikuntza eta Odontologia Fakultatean, eta datorren urtean iparramerikar unibertsitatean lanean hasiko da.

MARTA MACHO STADLER. "Dibulgatzaile zientifiko gisa egindako lanagatik eta zientzian emakumearen papera ikusgarri egiteagatik"

Bilbotar emakume hau 1962an jaio zen. Matematikan lizentziatu zen, 1985ean, EHUn, eta doktore bihurtu zen Lyonen. 1999an hasi zen zabalkunde-lanetan, "Geometrian gaindi paseatuz" izeneko hitzaldi sorta bat antolatzen lagundu zuelarik: hamar ikasturtean jardun zen horretan. Zientzia zabaltzen egindako ibilbidean, nabarmentzekoa da emakumeek zientziaren munduan izan duten zeresana agerira ekartzen egindako lana.

Zientziaren zabalkundean egiten duen lan horretan, matematikak literaturan izan duen lekua izan da gairik esanguratsuenetakoa, eta, hala, eleberrietako, komikietako, poesia-lanetako eta antzerki-lanetako testuen zientziazko edukiak eta egitura matematikoak ikertu izan ditu. 2010etik, EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Berdintasunerako Batzordean parte hartzen du, eta 2011tik, Emakume Ikertzaile eta Teknologoen Elkarteko kidea da.

EHUko Zientziazko Kulturako Katedrako "Zientziadun emakumeak" izeneko gune digitaleko editore eta sustatzailea da: gune digital hori emakumeek zientzian izan duten zeresanaren zabalkundea egiten jarduten da, eta haien lanak ezagutzera ematen, nahiz aitzindariena ,nahiz egungo emakume zientzialariena.

2015ean, Alicanteko Unibertsitatearen Berdintasunaren Saria jaso zuen zabalkunde-lanagatik eta emakume zientzialariek gizartearen aurrerapenari egindako ekarpenak ezagutzera ematen egindako lanagatik, eta, orobat, Espainiako Matematikako Errege Elkartearen domina, matematikaren zabalkundean egindako lanagatik eta berdintasunarekiko konpromisoagatik.

2016ko azaroan, Berdintasunaren Emakunde saria jaso zuen, genero-ikuspegia aplikatuz emakumeen artean zientziaren zabalkundea egiten eta zientziazko jakintza sustatzen egindako ibilbideagatik.

JAVIER SALGADO MARTÍN. “Kirolaren balioekin eta Bilboko saskibaloiarekin duen konpromisoagatik”

Bilbon sortu zen, 1980an. Bilboko Maristetan eta Baloncesto Leónen jaso zuen saskibaloi-formazioa. 2001etik 2010eko uztailera arte, Bilbao Basket taldean jokatu zuen, eta, tarte horretan, klubarekin batera hazi zen: hala, Espainiako Saskibaloi Ligan estreinatu zen (LEB2), eta bi aldiz lortu zuen mailaz igotzea, harik eta Bizkaiko saskibaloi proiektu horrek estatuko kategoriarik gorenean finkatzea lortu zuen arte.

2010eko uztailean, Bilbao Basket taldeak saldu egin zuen kapitain handia, eta desagertu egin zen taldearen elastikoetatik haren izena. Handik egun batzuetara, Gipuzkoa Basket Clubek fitxatu zuen, eta lau urte eman zituen han. 2014ko abuztuan, CB Estudiantes taldeak fitxatu zuen, eta han bi urte eman ondoren, sorleku izan zuen hiriko taldera itzuli zen, Bilbao Basketera.

14 denboraldi ilaran ACB ligan eman ostean, 2018an, Bilbao Basket LEBera jaitsi zen, eta Urrezko LEB ligan jokatu zuen gure joko-antolatzaileak, aurreko denboraldietan taldeko kide izandako bat izan zuelarik entrenatzaile, Alex Mumbru, jokalari izateari utzi berria. Urte horretan bertan, taldeak gora egin zuen kategorian, Final Four-ean irabazle gertatu zelarik. Salgadok 2019ko ekainaren 28an iragarri zuen jokalari profesionala izateari utziko ziola, jokalari profesional gisa 20 urte eman ostean.