Cruz de Oro-ren egoitzan, arratsaldeko 18:00etan

“Gabonak eta berrerortzeko arriskua. Ulertzea eta saihestea” hitzaldia abenduaren 12an ospatuko da

Hitzaldi honekin “Osasunaren eta Adikzioen Jardunaldien” 2019ko programa itxiko da

17.12.2019 | 20:38

Hitzaldi honekin “Osasunaren eta Adikzioen Jardunaldien” 2019ko programa itxiko da

BILBO. Jardunaldia adikzioen inguruan (substantziarik edo ez) lan egiten duten Bilboko elkarte guztiei zuzenduta dago, eta interesdun guztiei irekita dago.

Gabonek denongan dute eragina. Sarritan gertatzen da era guztietako sentimenduak agertzea, eta, aldi berean, haiek kudeatzeko zailtasunak. Horrez gain adikzio bat agertzen bada, gerta liteke garai hori arrisku handiko garaia bihurtzea. "Bai adikzioa dutenek bai haien familiak jakiten badute zeintzuk diren arrisku-faktoreak, errazagoa izan daiteke garai horri aurre egitea, berrerortzeak eragoztea eta osasuna hobetzen laguntzea", azaldu du Yolanda Díez Osasun eta Kontsumo Saileko zinegotzi ordezkariak.

Irantzu González Llona Errekaldeberriko modulu psikosozialeko eta Galdakaoko Ospitaleko psikiatra izango da jardunaldiko hizlaria. Jardunaldian jendearen parte hartzea bultzatuko da. "Gabonak eta berrerortzeko arriskua. Ulertzea eta saihestea" hitzaldiak zenbait galderari erantzun nahi die: Zergatik gertatzen dira berrerortzeak sarriago Gabon garaian? Zerk eragiten die pertsonei berrerortzea? Arriskua gutxitu dezakegu? Nola lagundu dezakegu familiek eta erakundeek? Helburua: Gabonetako berrerortzeen ohiko kausak, arrisku-faktore nagusiak, arrisku-egoeretan erabili daitezkeen estrategia eta tresnak aztertzea, eta jakitea familiek eta erakundeek nola lagundu ahal dieten adikzioak dituzten pertsonei.

UDALAREN ADIKZIOEN V. TOKIKO PLANAREN TESTUINGURUAN

Bilboko Udalaren Adikzioen V. Udal Planeko ekintzen artean, osasunaren eta adikzioen jardunaldi hauek egingo dira herritarren artean bizimodu osasuntsua sustatzeko helburuarekin. Bilboko Udalaren Osasun eta Kontsumo Sailak balantze positiboa egiten du iaz abian jarri zen programa honen eboluzioaz. Adikzioak dituzten pertsonei eta haien senideei eskaintzen zaie, urtean izaten diren aldi kritikoenei modu osasuntsu batean aurre egiteko trebetasunak edo estrategiak eskuratu ditzaten.

Gainera, prozesuan laguntzen duten profesionalek eta boluntarioek ere hartu dute parte programan, familiei laguntzeko batetik, eta adikzioetatik irteteko prozesuetan dauden pertsonen gizarteratzea errazteko, bestetik. Horrela, bada, bestelako metodologia erabilita, taldean hausnarketa egiteko espazio dinamikoak eskaintzen dira, parte hartzea ahalbidetzen dutenak, ideien eta emozioen trukeaz eta elkarrizketen bidez norberaren esperientziak osatzeko helburuz.

noticias de deia