BILBO. ONCEk 2019ko Solidarios saria eman dio Bilbori “Adinekoekin lagunkoia den hiria" programagatik, administrazio publikoaren kategorian.

ONCEren Solidarios sarien helburua da euren eragin-inguruan lan solidarioa egiten duten pertsona, entitate, erakunde edo komunikabideak saritzea, hain zuzen ere, herritar guztiak gizarteratzen, normaltzen eta euren autonomia pertsonala bultzatzen, eta irisgarritasun unibertsala eta bizitza independentea sustatzen lan egiten dutenak, ONCEren eta haren fundazioaren kultura instituzionalaren funtsezko balioekin bat badatoz.

Juan Ibarretxe Gizarte Ekintzako zinegotziak eskerrak eman dizkio ONCEri sari honengatik, eta esan du “Bilboko Udalaren helburua dela pertsonen bizi-kalitatea bermatzea zahartzen diren neurrian, hiru ardatzetan: osasuna, parte-hartzea eta segurtasuna”. Adinekoekin lagunkoia den hiriaren II. Planak, 2015 eta 2019. urteen artean garatu denak, “zahartze aktibo eta osasuntsua sustatu eta ahalbidetu du, giza errealitatearen dimentsio guztiak adinaren ikuspegitik landuz”, gaineratu du Ibarretxek.

Une honetan, udala 2015-2019ko II. Planaren emaitzak ebaluatzen ari da, III. +60 Plana egiten hasteko.

BILBO, ADINEKOEKIN ADISKIDETSUA DEN HIRIA

Biztanleria zahartzea eta hirietan biltzeko joera dira gizartearen gaur egungo dema garrantzitsuenetako bi. Bi fenomeno horiek aldi berean gertatzen ari dira eta, globalak diren arren, erronka handiak botatzen dizkigute tokiko mailan. Horri aurre egiteko, Osasunaren Mundu Erakundeak 2006an abian jarri zuen adinekoekin lagunkoiak diren hirien munduko sarea. Sare honen helburua da zahartze aktibo eta osasuntsua ahalbidetzen eta bultzatzen duten hiriak sortzea.

Bilbo sare honetan sartu zen, proiektuarekin konpromiso sakona hartuz eta 2010-2015eko lehen plan arrakastatsua eginez: “Bilbo, adinekoekin lagunkoia den hiria. Bilbo +60”. Plan horretan jarri ziren Bilbo zahartzen ari den biztanleriaren beharrizan espezifikoei hobeto egokitutako hiria izateko oinarriak. Halere, gizarteak duen erronka etengabe honen ondorioz, eta hasiera-hasieratik proiektuari ilusioz ekin zitzaionez gero, aurrera egiteko ahalegina geldiezina da.

Euskadiko eremuan, 2016an, Bilbok bat egin zuen Euskadi Lagunkoia sarearekin, Eusko Jaurlaritzak sustatua.