BILBO. 'Kultur Gabonak' programak eukarazko ekintzak eramango ditu Deustura. Adin guztietarako planak egongo dira, horien artean bertsolariak, ipuin kontalariak eta antzerkiak, besteak beste. Jarduera guztiak abenduan zehar gauzatuko dira, eta sarrera librea izango dute leku guztiak bete arte. Hurrengo astelehenean, hilak 9, hasiko da programazioa.

Programazioak abenduaren 12an jarraituko du, helduei zuzendutako antzerki ikuskizunarekin, Amico Teatro taldearen eskutik. “Amico” adiskidetasun handiari buruzko istorioa da. Berriro elkartzearen, ametsen, ajearen, harremanen eta kausa komunaren aurreko behin betiko bat egitearen festa. Bi aktorek, lengoaia koreografikoaren eta keinuzko antzerkiaren bitartez, umorez, dantzaz eta samurtasunez beteko dute euren unibertso berezia, adiskidetasuna ospatuz.

Abenduaren 19an, Deustuko Udaltegian, baita ere, Thierry Biscaryk helduentzako kontzertu akustikoa emango du. "Manez" da Thierry Biscaryren (1976, Anhauze, Nafarroa Beherea) izen artistikoa. Bolbora, Hegalka, Kokin edo Kalakan taldeetako abeslari izandakoak bere abestiak aurkeztuko dizkigu. Pertsona ezagunen bizitzako pasarteetan oinarritutako testigantza intimoa eskainiko die ikus-entzuleei. Egitasmoan hainbat poeta eta bertsolari aritu dira berarekin lanean, Jon Maia, Uxue Alberdi, Xabier Euskitze, Aurelia Arkotxa edo Itxaro Borda, besteak beste. Bere abestien oinarri diren kondairak edo istorioak idazteko eskatu zien.

Programazioak umeei zuzendutako jarduera espezifikoak ere jasotzen ditu. Abenduaren 30ean, Arangoitiko Udaltegiak ipuin kontaketa saio bat jasoko du Nerea Ariznabarretarekin. “Mamuak eta beste auzokide batzuk” izenburua daraman emanaldiak, umeek, eta pertsona guztiok, izan ohi ditugun beldurrei eta horiek gainditzeko eta aurre egiteko modua landuko du.

Egitaraua urtarrilaren 3an amaituko da Deustuko Udaltegian, 3 eta 8 urte arteko umeei zuzendutako Salto Sorkuntza taldearen “Lau” antzezlanarekin. Vivaldiren “4 urtaroak” lanean oinarrituta osatutako kontakizuna da. Mozorroen eta objektuen bitartez, irudimenarekin jolastuz, eraldaketa handiak lortuko dira. Ume guztien arreta erakartzen duen eta partaidetza aktiboa sustatuz euren zentzumenak pizten dituen sorkuntza lan txiki eta dibertigarria da.