BILBO. Dokumentala Estatuko hiri nagusietan eskainiko da ikusteko, eta Euskadin ere pausatuko da, Bilbon.

Datorren eguazteneko aurkezpenean izango dira Ubaldino Andrade, Palabek-en (Uganda) salestar misiolari dabilena; José Antonio San Martín, Salestar Misioen zuzendaria; eta Alberto López, Salestar Misioen eledun eta dokumentalaren produktorea.

Salestar GKEari emandako laguntza izenduna proiektu honetarako da: "Ikasgelak ekinean Bilbon: migratzaileak eta pertsona iheslariak Sudan Hegoaldean", hezkuntza formalezko proiektu bat da, Deustuko Salestarren ikastetxean eta Deustuko, Sarrikoko eta San Inazioko eremuan kokatuta dauden denbora libreko talde solidarioekin lan egiteko xedea ere baduena. Proiektua Deustuko Salestarren ikastetxeko Lehen Hezkuntzako 94 mutiko eta 154 neskatorentzat, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 185 mutiko eta 156 neskatorentzat, Oinarrizko Lanbide Heziketako 48 mutiko eta 6 neskatorentzat eta Batxilergoko 96 mutikorentzat eta 99 neskatorentzat da, eta baita ere Deustuko Nuestro Club eta Oldarra aisialdiko elkarteetako 55 mutiko eta 62 neskatorentzat, eta Bilboko herritarrentzat, oro har.

Proposatzen den gai nagusia da migratzaile iheslarien eskubideak, bereziki Sudan Hegoaldeko iheslarienak, eta, haien artean, emakumeenak. Gaur egun, 68 milioi baino gehiago dira iheslariak eta alde egitera behartutako pertsonak, 131 herrialde baino gehiagotan daude barreiatuta, Acnurren azken txostenaren arabera. Mundua bizitzen ari den krisi humanitariorik larriena da, eta gizateriak aurre egin behar dion desafiorik handiena. 4 iheslaritik 3 emakumeak eta haurrak dira, eta, beraz, herritarren artean zaurgarrienei eragiten die krisiak. Proiektu horren barruan, hain zuzen, kokatu beharrekoa da "Palabek, babesleku itxaropenezkoa" dokumentalaren aurkezpena.

Raúl de la Fuentek zuzendu zuen filma; Raúl de la Fuentek dagoeneko badu Goya sari bat, 2014an irabazia, eta beste bat 2019an; honako hau, berriz, 2019ko Oscar sarietarako aldez aurreko hautaketetan hautatua izan da. Filma 24 minutukoa da, eta Gladys eta Alice ama gazteen bizimoduak kontatzen ditu, zeinak Sudan Hegoaldetik ihes egin beharrean gertatu baitziren, eta bizimodu berri bati ekiten saiatuko baitira Palabek-eko kokalekuan (Uganda), han eskaintzen zaizkien itxaropenari eta hezkuntzari esker. Hogeita hamar bat GKE ari dira lan egiten Palabek-en, baina Salestarrak dira bakarrak kokalekuan bizi direnak, iheslarien ondoan.