BILBO. Gerraosteko poesiako figura azpimarragarria, 2008an Udalak urteko egun bat instituzionalizatu zuen bere ohoretan, idazlearen bizitza eta lana ezagutarazteko, jende gehienak ez baitzuen ezagutzen. Ekitaldi horren bitartez, Bilboko Udalak euskal poeta garrantzitsuenetakoa aintzatetsi eta gogorarazi gura du, gerra osteko poeten taldeko kidea, 36ko belaunaldia izenekoa. Talde horretan eragin handia izan zuten Gerra Zibilak eta haren ondoren etorri zen Munduko Gerrak. Halaber, ikusgai bilakatu gura da, bere garaiko emakume asko bezala, genero arrazoiak direla eta, kide zen poeta taldearen barruan baztertuta geratu zen bilbotarra. Talde hartan Blas de Otero edo Gabriel Celaya zeuden, besteak beste.

Elena Medelen hitzaldia Angela Figueraren poema ederrenetako batean abiatzen da: “Exhortación impertinente a mis hermanas poetisas”. Testuak emakumeen arteko sororitatea, anaitasuna eta konplizitatea ospatzen ditu, eta emakume idazleak euren garaiaren agintea hartzera eta euren inguruabarren kontzientziatik idaztera animatzen ditu. Izan ere, Angela Figuera Aymerichek ez zuen bakardadean idatzi: mende erdiko emakume poeta asko ?gehienak gaur egun literaturako eskuliburuetatik kanpo daudenak? integratzen zituen afektuen eta babesen "sare" berezi baten parte izan zen, eta bere belaunaldiko kideen eragin nagusia ere bihurtu zen. Solasaldietan biltzen ziren, aldizkari eta antologia berberetan argitaratzen zuten, elkarren liburuak komentatzen zituzten... Besteak beste, solasaldia galdera hauei erantzuten saiatuko da: zein harreman zuen Gloria Fuertesekin eta Versos con faldas taldearekin? Eta jarduera honi izenburua ematen dion poema eskaini zion Carmen Conderekin? Zein idazlek hartu zuten Angela Figuera Aymerich euren maisutzat?

Elena Medel Kordoban jaio zen 1985ean, baina Madrilen bizi da. "Un día negro en una casa de mentira" (bisorea, 2015) liburuan bildutako hiru poesia liburu idatzi ditu, eta baita "El mundo mago. Cómo vivir con Antonio Machado" (Ariel, 2015) eta “Todo lo que hay que saber sobre poesía” (Ariel, 2018) saiakera lanak ere. Bere lehenengo lana ingelesez argitaratu da (My First Bikini, Lizzie Davisen itzulpenarekin; Jai Alai Books, 2015). La Bella Varsovia poesia argitaletxea zuzentzen du, eta XX. mendeko emakume poeta espainiarren obra ikusaraztea bilatzen duen “Cien de cien” proiektua koordinatzen du. Beste batzuen artean, Gazte Sorkuntzaren XXVI. Loewe Saria eta Arteen eta Letren kategoriako Princesa de Girona Fundazioaren 2016ko Saria irabazi ditu.

ÁNGELA FIGUERA

Ángela Figuera Aymerich Bilboko familia aberats batean jaio zen, eta familiak ez zuen begi onez ikusi Angelak Madrilen Filosofia eta Letrak ikastea. Karrera amaitu ondoren Huelvako institutu batean plaza lortu zuen, eta bertan harrapatu zuen Gerra Zibilak. Beraren zein bere senarraren laguntza jaso zuten errepublikarrek gerra galdu ondoren, Figuera Soriara joan zen, eta bertan hasi zen bere literatur lanak argitaratzen 1948an. Beraz, bere sorkuntza lana zentsurak gogorren jotzen zuen diktadurako hamarkadetan egin zuen.

1948an, senarrak animatuta, bere lehenengo liburua izango zen “Mujer de barro” eraman zuen inprentara. Hurrengo urtean “Soria pura” argitaratu zuen, Gaztelako hiri malenkoniatsuari eskainitako omenaldia. Gerraosteko urteetan, Ángela Figuerak erabateko pobrezia ezagutu zuen, gosea, garaileek garaituei inposatutako hondamena. Bere poesia garratza, sinesmenik gabea, premiazkoa, bilakatzen hasi zen. “Vencida por el ángel” argitaratu zuen, eta pixka bat geroago argia ikusi zuten “El grito inútil” (1952), “Los días duros” (1953) eta “Vísperas de la vida” (1953) lanek. Mexikon argitaratutako “Belleza cruel” izan zen bere liburu ezagunena eta preziatuena, baina “Toco la tierra” (1962) lanak, kritikak hauteman zuen nolabaiteko nekea erakutsi zuen. Handik aurrera, poema solte batzuk eta “Cuentos tontos para niños listos” (1980) kontakizun liburua baino ez zituen argitaratu. Gaixoaldi luzearen ondoren 1984an hil eta gero, bere azken lana izan zena heldu zen liburu-dendetara, “Canciones para todo el año”.