BILBO. Udazken garaiotan, ohikoa denez, Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo Sailak abian jarri du perretxikoak ezagutzeko zerbitzua. Horrela bada, astelehenetan, urriaren 7tik abenduaren 2ra arte, mikologia zaleek aukera izango dute mendian bildutako aleen inguruko zalantzak argitzeko.

Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo Saileko zinegotzi Yolanda Diezek perretxikoak ezagutzeko zerbitzua bisitatu du gaur goizean, prentsarekin batera. Doako zerbitzu hori Sailak Ugalde kaleko 7an duen egoitzan dago eta iaz 394 kontsulta jaso zituen.

Perretxikoak ezagutzeko zerbitzuaren helburua bildutako aleak jateko modukoak diren ala ez zehaztea da, hartara espezie toxikoak jateagatik izan daitezkeen intoxikazioak saihesteko. Ildo horretatik, Zerbitzuak dei egiten die herritarrei bisitan etortzeko eta zalantzarik txikienaren aurrean kontsulta egiteko; bai eta ondoezik sentitu orduko larrialdi zerbitzuetara joateko ere.

  • Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo Sailak gomendio hauek eman ditu:
  • Perretxiko-mota bakoitzaren ale bat baino gehiago eroatea (zurtoina osorik aterata dutela eta ebaki barik), beste espezieetako aleekin nahastu barik.
  • Ale haziak eta zindoak (harrik gabekoak) batu behar dira.
  • Ahal dela, komeni da batu dituenak berak eroatea, inguruari eta habitatari buruzko zehaztasunak eman ditzan.
  • Perretxikoak batu eta ahalik arinen egin behar da kontsulta (bi egunen buruan, gehien jota). Perretxikook plastikozko poltsetatik kanpo gorde behar dira, zabal-zabal jarrita eta hozkailuaren beheko aldean, sorki lehor eta garbiaz estalita.
  • Ez garbitu eta ez izoztu aleak, harik eta identifikatu arte, usaina eta kolorea galtzen dutelako. Ez dira ontzi berean gorde behar bestelako perretxikoekin.