BILBO. Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak antolatutako denBBora Sarearen jardunaldiaren VI. edizioa ospatuko da bihar UPV/EHUko Bizkaia Aretoan. Sarearen xedeen artean Bilboko eta Bizkaiko enpreen artean lankidetza sustatzea dago.

Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak antolatu dute saio hau, “Aldaketa bultzatzen duten enpresa erantzunkideak” izenarekin. Sarea osatzen duten zenbait enpresa eta entitate ere arituko dira bertan. Gaur egun, denBBora sarean 42 entitate daude. Enpresetan denboren erabileraren arloan estrategia berritzaileak ezarri beharrarekin eta horren errentagarritasunarekin konprometituta daude guztiak.

Beste urte batez, denBBora sareak eta biharko jardunaldiak Bilbo eta Bizkaia berdintasun-arloko erreferenteak izan daitezen lagunduko dute. Finean, hori da hura sortzeko arrazoia: denbora kudeatzeko kultura berria sortzea, pertsonen bizimoduaren kalitatea hobea izateko. Ildo honetan, saioak zenbait gai interesgarritan jarriko du fokua: denboraren kudeaketa enpresetan, berdintasun-balioak, emakumeen kristalezko sabaiaren haustura, enpresen berrikuntza, laneko eta familiako bizitzak kontziliatzea, eta abar.

“Aldaketa bultzatzen duten enpresa erantzunkideak” izenarekin, parte-hartzaileek ?zenbait entitate publiko eta pribatutako ordezkari? eredu sozial berriak bultzatu beharrari buruz hausnartuko dute, denbora hobeto kudeatzeko. Helburua, erantzunkidetasuna, genero-berdintasuna, eta laneko eta norberaren denboraren kontziliazioa bultzatzea. Izan ere, bi erakundeok ulertzen dute erakunde publikoek gidatu behar dutela aldaketa eta eredu sozial berriak sustatzen dituzten ekimenak bultzatu behar dituztela, helburu horiek lortzeko; alderdi pribatuak, berriz, aldaketa honetan lanean jarraitu behar du eta beretzat hartu, gizartearen beharrizan eta erronka berrientzako erantzun berriak asmatzeko.

Hau da, jardun horiek barneratu, enpresa-kulturan txertatzeko. Horrela, gainera, talentua erakarriko dugu, produktibitatea hobetu, kontziliazioa areagotu, lan-giro parekideago eta solidarioagoak sortu, gogobetetze pertsonaleko kota handiagoetara iritsi, eta konpromisoa eta motibazioa handitu eguneroko lanean.

EXCAVACIONES DIEGO, KULTURBIDE, METRO BILBAO ETA MUGARIK GABE, ETA BERAIEN ESPERIENTZIAK

“Aldaketa bultzatzen duten enpresa erantzunkideak” jardunaldia UPV/EHUren Bizkaia Aretoan egingo da bihar. Jardunaldi hau sareak urte osoan garatzen dituen elkarrizketen, lansaioen eta topaketen foroetan kokatzen da. Saioan, besteak beste, gai hauek landuko dituzte: gizarte-balioak, enpresen kudeaketa egiteko funtsezko elementu gisa, eta kontziliazioak enpresa-proiektuetan duen garrantzia.

Bi hitzaldiren inguruan eztabaidatuko dute: “Denboraren erabilerak eta erakunde eredu berriak: kontziliazio-politiken aurrerapenak eta erronkak Europa iparraldeko herrialdeetan”. Hizlaria Elisa Stinus Bru de Sala izango da, Momentum Lab-eko sortzaile eta zuzendaria, eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Politika Publikoen eta Gizarte Eraldaketaren zuzendaria. Bigarren hitzaldia “Maskulinitate toxikoaren eredua auzitan jartzen laguntzen duten enpresa erantzunkideak” izango da, Paco Abril Moralesen eskutik, Informazioaren eta Jakintzaren Gizarteko doktorea, Soziologiako lizentziatua, eta Gironako Unibertsitateko Hezkuntza eta Psikologiako Fakultateko irakaslea. Saioa amaitzeko, mahai-inguru bat egingo da sareko zenbait enpresarekin. Enpresa horiek, euren erantzunkidetasuneko eta zentraltasun pertsonaleko estrategiarekin, euren lankideen aldaketa sozialaren emaitzak eskaintzen dituzte: Excavaciones de Diego, Kulturbide, Metro Bilbao eta Mugarik Gabe.

Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak sustatuta sortu zen 2014an denBBora SAREA, elkarlan publiko-pribaturako gune bat sortzeko, gizarte eta lan-munduko harremanetan kultura berria diseinatzeko eta sustatzeko, hain zuzen, kontziliazioaren, erantzunkidetasunaren eta genero-ekitatearen alde egiteko, berrikuntzarekin eta enpresen lehiakortasunarekin bateragarriak izanik. Erakunde bien konpromisoa argia da, lurraldean zuzentasuna eta berdintasuna handiagoak izan daitezen.

Orain sarea 42 entitatek osatzen dute; eta euren enpresa-estrategiaren zati modura denboren kudeaketa edukitzearekin konprometituta daude. Sareak ahalbidetzen du gizarte-aldaketez, beharrizan berriez eta pertsonen denbora antolatzearen inguruan etengabe sortzen diren ekimenez hausnarketa egitea, horien behaketa eta analisiak egin ondoren.

DENBORAREN KUDEAKETA BERRITZEAREN ABANTAILA ETA ONURAK

DenBBora Sareak zenbait arrazoi plazaratu ditu, entitateen denboren erabileretan berrikuntzak egiteko estrategiak abian jarri eta horiei etekina atera beharraren oinarria direnak. Hona hemen batzuk:

  • Enpresa-kultura eta kudeaketa-eredu tradizionalak aldatu beharra dago, pertsonak erdigunea izan daitezen. Malguago jokatu behar da, eta talentua berton geratzea lortu.
  • Familia-inguruaren erantzukizuna emakumeek soilik izatea ekarri duen gizarte- eta familia-ereduarekin apurtu beharra dago.
  • Enpleguak eta familiaren zaintzak osatutako dikotomiak emakumeen bizimoduan sortzen dituen etengabeko gatazken ondorioei aurre egin behar diegu.
  • Lana, familia eta bizimodu pertsonala bateragarriak izatea erantzukizun sozial korporatiboaren barruan sartzen da.
  • Langileek entitatearen “kapitalaren” parte direla sentitu beharra dago.
  • Plantillan gogobetetasuna sustatu behar da.
  • Gaur egun lan-merkatuan sartzeko eta irauteko egoera kaskarragoan dauden emakumeen presentzia handiagoa sustatu beharra dago.
  • Kalitateari buruzko arautegiek gaur egun gai hau ere kontuan hartzen dute.
  • Entitateek indarrean dauden legeak betetzea; beste entitate, administrazio eta bezeroekiko harremanetarako onuragarria izan daiteke hori.