BILBAO. “Aretxaga-Miribilla” guneak aste honetan estreinatu du neurri handiko margolan berri bat, “hiriaren alde zaharraren” eta Miribillako auzo berriaren hasieraren artean dagoen bidegurutze horretan “instalatua".

Proiektua 2018ko martxoan sortu zen eta Andoni Eubaren proposamen bat da; Bilboko Udalaren bultzadari esker gauzatu zen, beste behin ere artea baliatu baitzuen Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala auzoen kohesiorako eta birgaitzerako tresna gisa.

“Erakusgai” jarritako horma-irudi berriak ?gunea inauguratu zenetik bosgarren lan “mugikorra” dena- Caravaggioren “Emauseko afaria” irudia gogorarazten du, zeinetan pertsonaia bat aulki batetik altxatzen edo bertan jesartzen baitago. Era berean, “Kai eskailera-maila igotzen do jaisten ari den unea” lanak, San Nikolaseko geltokiaren ikuspegi idealizatu baten bidez, une anbibalente bat erakusten du, zeinetan ikusleak soilik erabaki baitezake zer begiesten ari den.

ARTEA, INGURUA BERRONERATZEKO TRESNA

“Aretxaga-Miribilla” gunearen abiaburua proposamen bat da, artea espazioak eraldatzeko elementu gisa baliatzekoa; tokian tokikoa eta unibertsala batzen ditu, eta aukera ematen du kaleko artea ez dadin engoitik hiri-artea izan, eta arte hutsa bihur dadin.

Ekimen honetako obra guztiek inguruko kaleetako gainerako obretatik bereizten den berezitasun bat dute, eta urian kasu bakarra da, kanpoan gutxi edo batere erabiltzen ez den teknika batekin eginda daudelako: olio-pintura, Andoni Eubaren obran etengabea.

Mota ezberdineko obra bi egongo dira espazio horretan etengabe: bata estatikoa eta mugikorra bestea. Horma-irudia iraunkorra 3,8 x 3,8 metrokoa da; horman bertan margotuta dago, eta “Arranoak Vs Dronak” ageri dituen eszena bat erakusten du, gaur egungo irudi bat, gure garaia erakusten duena, eta natura eta gizakien sormena eta teknologia jartzen ditu aurrez aurre, gatazkan eta elkarrekin bizitzen, alabaina. Beste alde batetik, guneak badu horma-irudi mugikor “instalatu” bat, zeina aldatu egingo baita bi urterik behin, gutxi gorabehera, eta guztira 8 obra izango dira, horiexetarako sortuak.

2017ko maiatzean Udalak “Aretxaga-Miribilla” espazioa berroneratu zuen Miribilla kalea oinezkoentzat utzita osorik eta erabat berrituta. Horretarako, milioi erdi euro inguruko inbertsioa egin zuen auzokoek eskatu eta lehenetsitako jarduera gauzatzeko.

Gerora, “Aretxaga-Miribilla” gunea osatzearekin, urian gune paregabea ezarri da, nortasun berezikoa, eta Bilbo Zahar, San Frantzisko eta Zabalako izaera indartsuarekin konektatzen duena, baita beren aniztasun kultural eta sozialarekin ere.

Proiektu hau Bilbo Zaharrerako, San Frantziskorako eta Zabalarako ‘Auzokizuna 2020’ Jarduera Plan Partekatuan kokatzen da, zonaldean bizi-kalitatea eta bizikidetza hobetzeko helburuarekin.

ANDONI EUBA (BILBO, 1962)

Bilbon jaioa, 1962an Andoni Euba, arte ederretan lizentziatu zen EHUn, 1985ean; urte horretan, hirugarren saria lortu zuen Eusko Jaurlaritzaren Gure Artea lehiaketan. Sariak eta bekak lortu izan ditu harrezkeroztik bere ibilbidean, eta Donostiako San Telmo museoan erakusketa bat egin ondoren 1994an, San Frantziskora alde egin zuen (AEB), eta 10 urte eman han bizitzen. Gainera, New Yorken ere lan egiten du.

Bilduma publiko askotan daude haren lanak, honako hauetan besteak beste: Bilboko Arte Ederren Museoa, Gasteizko Artium Museoa, Donostiako San Telmo Museoa edo Iruñeko Nafarroako Museoa; Eubak Madrilgo ARCOn ere (Arte Garaikideko Nazioarteko Feria) maiz erakutsi izan ditu lanak, eta erakusketa kolektiboak egin izan ditu nazioartean urteetan zehar.