BILBO. "Bilrobot" umeentzako robotika lantegietarako izena emateko epea zabalik dago gaurtik. Epea irailaren 29ra arte egongo da zabalik. Lantegiak Bilbon erroldatutako umeentzat dira, 8 eta 9 urte bitartean dituztenentzat. Parte hartzeko, beharrezkoa da izena on line ematea hemen.

15 lantegi eskaintzen dira, guztiak euskaraz, eta 15 lagun hartuko ditu lantegi bakoitzak. 4 ordu iraungo dute, eta bi saiotan egingo dira, asteko egun berean, elkarren osteko bi astetan, 17:30etik 19:30era. Lego-piezak erabiliz diseinatu, muntatu eta programatuko dira robotak. Lantegiak taldeka egingo dira, parte hartzaileek euskaraz komunikatzeko eta harremana izateko aukera izan dezaten.

Bilborot urriaren 18tik azaroaren 29ra arte gauzatuko da, Bilboko hango eta hemengo auzoetan, gazteenengana iristearren. Zehazki, Deustu, Ibaiondo, Begoña, Santutxu, Abando, Errekalde, Irala eta Basurtuko udaltegietan eta San Ignazioko Euskararen Etxean gauzatuko dira.

Izena emateko epea amaitutakoan, irailaren 30ean, zotz eginez esleituko dira lekuak, eta urriaren 7tik 11ra arteko astean, izena emandako pertsona guztiei jakinaraziko zaie ea plazarik egokitu zaien edo itxarote-zerrendan sartu diren. Plazarik eskuratu ezean, itxarote-zerrendan sartuko dira.

Gurasoek edo tutoreek eman beharko dute umeen izena on line, eta bi lantegitarako eman ahalko dute haien izena, bietako zein lehenesten duten adieraziz; ostera, lantegi bakarrean parte hartuko dute.

Lantegiok euskaraz izango dira, euskararen erabilera sustatzearren eta sendotzearren umeen artean, aisialdian, modu erakargarri eta berritzaile batean. Gainera, hainbat balio hartzen dira aintzat, hala nola genero-berdintasunarena.

2019an, Bilborot lantegien bi txanda izango dira: lehena udaberrian izan zen eta bigarrena udazkenekoa da. Bigarren aldi horretan robotika-lantegiak 8 eta 9 urte bitarteko umeentzat izango dira (beraz, 2010ean eta 2011n jaioentzat).

Programa hau Bilboko Udalak eta Urtxintxa elkarteak antolatua da, eta Bilboko Udalaren EGEP Euskara Garatzeko Ekintza Planaren helburuak ditu oinarri: alegia, hizkuntzaren transmisioa, kalitatea eta zerbitzua.