Donostia - Euskaltzaindiaren mendeurreneko azken jardunaldi akademikoa (Ingurune digitala, hizkuntzen estandarizazioa eta euskara) burutu zen atzo Donostiako Tabakaleran. Bertan, Andres Urrutia euskaltzainburuak adierazi zuenez, “Akademiaren helbururik behinena mundu zabalera jotzea da, eta, horrekin batera, digitalizazioa”.

Ingurune digitala, hizkuntzen estandarizazioa eta euskara lotu zituen jardunaldi akademikoak zentzu berezia hartu zuen, Euskaltzaindiaren mendeurreneko azkena izanik. Andres Urrutia euskaltzainburuak lehena ekarri zuen gogora: “Ia urtebete joan da Arantzazun webgune eta eduki digital berriak nahiz berriztatuak aurkeztu genituenetik”. Orduko goiburuari keinu eginez, helbururik behinena “Euskaltzainditik mundu zabalera” jotzea eta “digitalizazioa” direla azaldu zuen atzo Urrutiak, “horiek ahalbidetuko dutelako, gero eta zerbitzu eragingarriagoa eskaintzea gizarteari eta euskararen erabilerara hurreratzen diren guztiei”.

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Euskara eta Kultura sailburuak harago jo zuen: “Izaki digitalak gara eta izango gara”, eta errealitate horri “abantaila ateratzea beste aukerarik ez digu ematen”. Euskara eta teknologia batzen dituzten baliabideen plangintza estrategikoa garatu beharraz mintzatu ostean, Zupiriak Euskal Wikipediari jarri zion fokua, “eredu bat edo lan egiteko modu bat eskaintzen duelako, hizkuntza-teknologiak susta-tzeko bidean”.

Garbiñe Mendizabal Gipuzkoako Foru Diputazioko Euskara arduradunak euskararen erabilerari eman zion arreta, “horixe delako denon erronka” eta jardunaldiak egin zezakeen ekarpena goraipatu zuen, “gazteak etorkizuna izanik, tresna guztiak eman behar zaizkielako”. Donostiako udalaren ordezkari Maria Jesus Idoitak ere ildo beretik jo zuen, eta “ingurune digitalek ematen duten ikusgarritasuna” baliatu beharrari ez ezik, “sareak eskolan ikasitako hizkuntza modu lasaiagoan erabiltzeko” ematen duen aukerari egin zion azpimarra.

Corpusa digitalki sortzen jarraitzeari begira, Euskaltzaindiaren lana “estrategiko” jo zuen Ander Aizpuruk, Kutxa Fundazioaren izenean. - DEIA