BILBO. “Leonardo Torres Quevedo Bilbon, 1919-2019: Nautika, Aeronautika eta Konputazioa” hitzaldia hartuko du Bidebarrieta Kulturguneak irailaren 18an, asteazkena. Bertan, Leonardo Torres Quevedori buruz arituko da Francisco A. González Redondok, Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko irakaslea. Torres Quevedo XIX. eta XX. mendeetako asmatzaile kantabriarra izan zen.

EHU/UPVko Kultura Zientifikoko Katedrarekin batera antolatu den ekitaldia 19:00etan hasiko da Bidebarrietako liburutegiko ekitaldi aretoan, eta doako sarrera izango du, baina ezinbestekoa izango da liburutegian bertan gonbidapena jasotzea BIHARTIK aurrera. Hitzaldia jarraitu gura duten baina bertara joan ezin diren pertsonek streaming-ez jarraitu ahal izango dute www.kulturguneatb.eus webgunearen bitartez.

Duela ehun urte Bilbon izandako gertakari nabarmenen protagonista izan zen Leonardo Torres Quevedo ingeniaria (1852-1939). Alde batetik, Euskalduna ontziolan eraikitako lehen katamaran modernoa, “Binave” izenekoa, probatu zuen Bilboko itsasadarrean. Bestetik, “Hispania” globo gidatu transatlantikoaren proiektua aurkeztu zuen Arriaga Antzokian, aeronautikaren arloan egindako bere azken lana.

Jatorri euskalduneko ingeniariaren beste lorpen handietako bat “aritmometro elektromekanikoa” izan zen, egungo zentzuarekin historiako lehen ordenagailutzat hartu daitekeena eta Material Zientifikoaren Erakusketan aurkeztu zena. Proiektu hauei guztiei esker, besteren artean, bere garaiko asmatzaile miresgarriena bezala izendatu zuten 1930ean. Zientziaren eta teknikaren historia unibertsalean pertsonaia garrantzitsua dela esan daiteke, hortaz.

Francisco A. González Redondo, Matematika, Gizarte eta Zientzia Esperimentalen Didaktika sailean, eta Leonardo Torres Quevedo asmatzaile ospetsuaren figuran aditua. Quevedoren biografia eta hainbat artikulu idazteaz gain, ingeniariaren inguruko kongresuak eta erakusketak ere antolatu ditu Francisco A. Gonzalez Redondok.

Hitzaldia, Bidebarrieta Zientifikoaren urteko programazioaren barruan dago. Ekimenak beste programa batzuk ere jasotzen ditu, “Darwinen Eguna”, besteak beste, ?hori ere UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak antolatutakoa?, zientzia jende guztiari era atseginean eta didaktikoan hurbiltzeko eta egunerokotasuna duten zientziari buruzko gaiak ezagutarazteko helburuarekin. Horrez gain, hitzaldi horren bitartez, Bizkaia Zientzia Plaza (BZP) ekimenaren hirugarren edizioa inauguratuko da. Zortzi egunetan luzatuko den eta jende guztiarentzat egokia den zientziari buruzko jaialdia da.