BILBO. Bilboko Udala Aste Nagusiaren egitaraua banatzen hasi da. Programaren 100.000 ale baino gehiago banatuko dira postontzietan, euskaraz eta gaztelaniaz. Programa eskura dago "Bilbao Aste Nagusia 2019" aplikazio mugikor ofizialean ere.

Dagoeneko 40.000 banatuta daude barrutietako udaltegietan eta udalaren bulegoetan, hala nola Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako Sailean (Aznar eraikina) edo Udalaren informazio-bulegoan (San Agustin eraikina). Gainera, Bilbao Turismoren Plaza Biribileko bulegoetan (Termibus eraikina) eta Bilboko Guggenheim Museoko bulegoetan ere eskuratu ahal izango dira, eta Bilboko Konpartsen egoitzan ere bai.

Jaietan zehar geroz eta turista gehiago izaten dela-eta, Bilboko Udalak 10.000 egitarau argitaratu ditu ingelesez eta frantsesez, eta Udalaren instalazioetan ez ezik, Bilbao Turismoren bulegoetan ere egongo dira eskura, uriko erdialdean, bai eta Bilboko aireportuan ere, eta Bizkaiko hiriburuko hoteletan ere bai.

PROGRAMA ULERTERRAZA

Aste Nagusiaren helburuetako bat da jaiak irisgarriak eta inklusiboak izan daitezela bermatzea. Horretarako, Udalak, joan diren urteetan, era bateko eta besteko neurriak hartu izan ditu Aste Nagusia era guztietako pertsonek gozatzeko moduko jaiak izan daitezen. Horrez gain, dibertsitate funtzionala duten pertsonentzako egokituta dauden jarduerak seinalatu egingo dira egitarauan. Beste alde batetik, egitaraua egokitu egin du formatu digitaleko irakurketa errazeko bertsio batekin. Hizkuntza argi eta zehatz baten bitartez, eta testuak deskribatzeko irudiak erabiliz, aukera ematen zaie irakurtzeko edo ulertzeko zailtasuna duten pertsonei edukiaz errazago jabe daitezen.

Azkenik, egitaraua braillera ere transkribatu da, ikusmen-urritasuna duten pertsona guztientzat. Bertsio hau Udalaren Informazio Bulegoan egongo da eskura (San Agustin eraikina), bai eta ONCEren egoitzan (Pérez Galdós 11), turismo-bulegoetan, Txikigunean eta Barrainkua eta La Bolsa udaltegietan ere.