BILBO. Batez beste 100.000 ikusle baino gehiago daude gauero; horrek esan nahi du Bilboko Aste Nagusiko ospakizunetatik ondoen baloratzen denetako bat dela. Itsasadarreko ezkerreko bazterra gomendatzen da, Nafarroa kaletik Uribitarte pasealekura, hori baita gauetan piztuko diren ikuskizunak ondoen ikusteko gunea.

Hauek dira Bilbo Hiria Su Artifizialen Nazioarteko Lehiaketaren XXIX. edizioan izango diren zazpi pirotekniak:

- Abuztuaren 17an, zapatua: VULCANO PIROTEKNIA (MADRIL)

- Abuztuaren 18an, domeka: BREZAC ARTIFICES (FRANTZIA)

- Abuztuaren 19an, astelehena: CABALLER FX (VALENTZIA)

- Abuztuaren 20an, martitzena: FULLY FUSED FIREWORKS (ERRESUMA BATUA)

- Abuztuaren 21ean, eguaztena: PIROTECNIA ZARAGOZANA (ZARAGOZA)

- Abuztuaren 22an, eguena: MACEDOS PIROTEKNIA (PORTUGAL)

- Abuztuaren 23an, barikua: XARAIVA PIROTEKNIA (OURENSE)

Gainera, ASTONDOA PIROTEKNIAK (BIZKAIA) erakusketako ikuskizuna emango du abuztuaren 24an, zapatua.

IKUSLEEN SARIA

Bilboko Udala, herritarren parte hartze bidezko sistema sustatzeko helburuari eutsiz, Bilbo Hiria Su Artifizialen Lehiaketako XXIX. edizioan parte hartzeko aukera ematen die herritarrei, ikuskizunik gogoenari botoa emanez. Horrela, bada, herritarrek euren botoa igorri ahal izango dute formula hauetakoren bat erabiliz: ‘Bilbao Aste Nagusia 2019’ mugikorrerako aplikazioaren bidez, -AppStoren eta Google Playn jaitsi daiteke- edo abuztuaren 17tik 23ra El Correo egunkarian argitaratuko diren parte-hartze kupoien bitartez. Parte hartzen dutenek lehiaketaren babesleek emandako sariak irabazteko aukera izango dute.

EPAIMAHAIAREN SARIA

Lehiaketako epaimahaiak Aste Nagusiaren azken egunean, abuztuak 25, jakinaraziko du nor den irabazlea. Epaimahaiko presidentea Itziar Urtasun Jaietako zinegotzia izango da; idazkaria Alberto Ruiz de Azua Jaien Saileko zuzendaria izango da; Euskalteleko kide bat, Bilbo Konpartsetako kide bi, Zazpi Kaleetako Dendarien Elkarteko kide bat, Corte Ingléseko bat eta El Correo egunkariko bat. Gainera, aholkulari-lanetan arituko dira Astondoa Piroteknikako Izaskun Astondoa, PenDragon Fireworks & Pyrotechnichs-eko Jon Mellen nazioarteko aditua eta Joseba Rosales, Aste Nagusiko programazioko koordinatzailea.

IKUSKIZUNETAN SEGURTASUNA BERMATZEKO DISPOSITIBOA

Su artifizialak Bilboko Aste Nagusian jenderik gehien biltzen duen ikuskizunetako bat da, gauero 100.000 pertsona baino gehiago gerturatzen baitira, batez beste. Hori dela-eta, pertsona guztien segurtasuna bermatze aldera, Bilboko Udalak segurtasun protokoloa aktibatuko du.

Laugarren urtez, 989/2015 Errege Dekretuaren arabera (pirotekniako eta kartutxogintzako artikuluen araudia), haizearen abiadura orduko 36 kilometro baino handiagoa denean, suak bertan behera utzi behar dira, ezin dira jaurti. Horretarako, Udalak dispositibo berezia dauka herritarrei abisatzeko suak bertan behera gelditu direla, beharrezkoa bada.

Udalak beharrezko koordinazioa aurreikusi du segurtasunik handiena bermatzeko eta edozein aldaketa edo larrialdi-egoera ahalik eta arinen jakinarazteko, hauen laguntzarekin: Bilboko Udalaren Babes Zibileko, Jaietako eta Komunikazioko langileak, Bilboko Konpartsak Areatzan, Gogorregi Konpartsa Pio Baroja eta Uribitarteko gunean, Berastegi kaleko txosnak, barraketako salerosleak eta Zirkua Etxebarria parkean, eta MetroBilbao, Bilbobus, Bizkaibus, Euskotren, Euskotran eta Renfe.

SUAK IKUSTEKO LEKURIK ONENAK

Bilboko Udalak itsasadarreko ezkerreko bazterra gomendatzen du, Nafarroa kaletik Uribitarte pasealekura, hori baita gauetan piztuko diren ikuskizunak ondoen ikusteko gunea.

Ondoren, Arriaga Plaza, Areatzako gune batzuk, Ernesto Erkoreka plaza, Campo Volantin pasealekua, Etxebarria parkea eta Uribitarteko pasealekua, Zubizuritik Guggenheim-era, daude.

Ez dira gomendagarriak Areatzako zubia, Udaletxeko zubia eta Zubizuri; gainera, hortik ez dira ondo ikusten lurreko eta altuera txikia hartzen duten suak.

Gainera, Udaletxeko zubian, Zubizurin eta Areatzako zubian -Erripa kalearen eta Areatzako kaiaren artean- jende asko pilatzen da eta hortaz, kontu handiz ibili behar dute umeekin doazenek edo mugitzeko zailtasunak dituztenek.