BILBO. Aste Nagusiko musika alternatiboena Plaza Barriako kontzertuetan entzungo da. Flamenkoa, swing-a, reggae-a, rock and roll-a, funk-a eta soul-a izango dira. Abuztuaren 17tik 24ra egingo diren kontzertu guztiak 23:30ean hasiko dira.

Plaza Barriko oholtzara igotzen lehena FLOR DEL FANGO taldea izango da, zapatuan, abuztuaren 17an. Parisko 80ko hamarkadako eszena alternatiboko hainbat taldetatik etorritako musikariz osatuta dago, Mano Negra, Manu Chao, Parabellum, Chihuahua, Mano Solo, Melissmell edo Indochine, besteak beste. Rock-a eta erritmo latinoak nahasten dituzte.

Domekan, abuztuak 18, LOS QUE NO ESCARMIENTAN taldea arituko da oholtzan. Kanaria Handiko Las Palmasen eratua, musika bestelako moldez eta modu berritzailean eginez, estilo berezia eta librea dute. CACO SENANTEk ere izango du aukera oholtzan, Latinoamerikako abesti folklorikoak abestuko ditu. Aspalditik Vicente Borland Panamako piano jotzaile handiarekin aritzen da.

Astelehenean, abuztuaren 19an, ordea, swing-aren zaleek hitzordu garrantzitsua izango dute Bilbon, O´SISTER! taldearen eskutik. Ahozko jazzaren urrezko garaia, Estatu Batuetako 20ko eta 30eko hamarkadetako musika herrikoia, dakarren swing taldea da; garai hartako emakume taldeei eskainitako omenaldia da, The Boswell Sisters taldeari, besteak beste, talde hori aitzindaria izan baitzen ahozko swing-ean. Taldeak lau disko argitaratu eta 300 emanaldi baino gehiago eskaini ditu Estatuko jazz eta swing klub eta jaialdi onenetan, eta birak egin ditu Portugalen, Italian, Grezian, Danimarkan, Suedian, Malaysian eta Estatu Batuetan. Bilbon, O Sister! taldeak kontzertu berezia eskainiko du. Sevillarrekin batera hiru haizeko sekzioa arituko da, eta hiru abeslarien ahots harmonia liluragarriekin eta sekzio erritmiko bikainarekin batera, swingaz eta dantzaz betetako gau handia iragartzen dute.

Martitzenean, abuztuaren 20an, TIN´ DEL BATEY taldeak Kubako erritmoak ekarriko dizkigu. Kubako sonaren sustraiekin leial, orkestra honek musika sinplea eta eskuzabala proposatzen du, eragin anitzez betea, trukean oinarrituta eta dantzaren esanetara. Tin' Del Batey taldearen errepertorioaren originaltasuna konposizioen zaporean eta umorez beteta dauden eta eguneroko jardunaren poesia erakusten duten letretan dago.

Jaien erdira hurbilduta, eguaztenean, abuztuak 21, LINVAL THOMPSON & STRONG LIKE SAMPSON BAND taldea arituko da Bilbo Reggae Splash-en XXVIII. edizioaren barruan (jaialdi hori estatu mailako reggae-musika ekitaldi beteranoena da). Aste Nagusiko reggae-gaua izaten da. Aurtengo protagonista Linval Thompson izango da, Jamaikako eszenako ikono handia. Duela 10 urte Bilbon egon zenetik lehen aldiz itzuliko da Euskadira. 70eko eta 80ko hamarkadetako arrakasta klasikoak eskainiko ditu, abesti berriagoekin batera.

Eguenean, abuztuak 22, FLAMENCO JOVEN izango dugu. Flamenkoak une honetan bizi duen egoera bikaina errebindikatu gura duen ikuskizuna da, arte jondoa inoiz baino biziago dagoela erakutsiz. Horretarako, lehen mailako ensamble flamenko hau eratu du, hogeita hamar urtetik beherako artistekin.

Hurrengo egunean, barikuan, abuztuaren 23an, THE ETTA JAMES EXPERIENCE, taldeak kontzertua eskainiko du Plaza Barrian, Etta James soul-aren eta rhythm & blues-aren artista handiaren omenez. Taldea soularen eta bluesaren arloan ospe handia duten hamabi musikarik osatzen dute, eta festa paregabea eskainiko digute, Aste Nagusiko bariku gauari amaiera emateko. Euren errepertorioan, dantza egitera eramango gaituzten lan klasikoak, Rock Me Baby, Tell Mama edo Something’s Got a Hold on me eta balada ezagunenetako batzuk, At Last edo I’d Rather go Blind, aurkituko ditugu.

Aste Nagusiko gau hauei amaiera emateko, abuztuaren 24an, barikuan, XABI ABURRUZAGA & LAGUNAK IKUSKIZUNA izango dugu. Xabi Aburruzagak bere azken ikuskizuna aurkeztuko du, orain arte argitaratutako 4 diskoak errepasatuz: Bizkaiko Trikitixa (2007), Denboraren Naufrago (2009), Geure (2013) y Keltik (2016). Gainera, une honetan grabatzen ari den “BOST” bosgarren diskoko aleren bat edo beste ere eskainiko digu.

PLAZA BARRIKO EGITARAUA

Kontzertu guztiak 23:30ean hasiko dira:

Zapatua, hilak 17: FLOR DEL FANGO

Domeka, hilak 18: LOS QUE NO ESCARMIENTAN ETA CACO SENANTE

Astelehena, hilak 19: O´SISTER!

Martitzena, hilak 20: TIN´ DEL BATEY

Eguaztena, hilak 21: LINVAL THOMPSON & STRONG LIKE SAMPSON BAND

Eguena, hilak 22: FLAMENCO JOVEN

Barikua, hilak 23: THE ETTA JAMES EXPERIENCE

Zapatua, hilak 24: XABI ABURRUZAGA & LAGUNAK IKUSKIZUNA

8 AGERTOKI ETA 100 MUSIKA EMANALDI BAINO GEHIAGO DOAN

Udalak doako 100 musika-ikuskizun baino gehiago antolatu ditu 2019ko Aste Nagusirako. Izan ere, Bilboko Aste Nagusiko jaietako publikoarentzat musika-eskaintzak duen garrantziaz jabetuta, era eta adin guztietako jendearentzako kontzertuak izango dira uriko 8 agertokitan.

Askotarikoak izanik, direla egungo musikako kontzertuak, edo musika klasikokoak, ahaztu gabe ohiko bilbainadak, musika-hitzorduek ere Bilboko jaien ereduaren ezaugarriak izango dituzte ardatz: kalitatea, askotarikotasuna, berdintasuna, parte hartzea eta doakoak izatea, eta musika estilo bakoitzak, bestalde, bere lekua izango du, bere kokalekua.

Guztiek izango dute euren gustuko musikaz gozatzeko aukera Bilboko Aste Nagusian. Kontzertuetara jende asko joan ohi da eta baliteke musika-jardueraren batzuetara sartu ezinik geratzea bateren batzuk.