BILBO. Hertzainak rock taldeak 'Inun baino alaiagoa izanen da' izeneko bi kontzertu eskainiko ditu irailaren 25ean eta 26an Euskalduna Jauregian. 26 rako sarrerak agortu egin dira ordu gutxietan. Horregatik, erabaki da bigarren kontzertua programatzea irailaren 25ean. Bertan, Josu Zabalarekin eta Garirekin batera bandaren historian bereziak izan diren gonbidatuak parte hartuko dute.

2019ko uztailaren 3an 35 urte bete dira Hertzainak rock talde mitikoaren lehenengo diskoak argia ikusi zuenetik, eta Josu Zabalaketa Garik (Iñaki Ion Garitaonaindia) ‘Inun baino alaiagoa izanen da’ izena daraman oso emanaldi bereziarekin ospatuko dute.

Euskalduna Jauregian eskainiko dituzten kontzertuak errepikaezina izango dira. Taldeak kaleratu zituen sei diskoetako kantak abestuko dituzte.

Gaur goizean bertan aurkeztu da kontzertua, Josurekin eta Garirekin batera Lorea Bilbao Euskara eta Kultura Foru Diputatua eta Andoni Aldekoa Euskalduna Jauregiko Zuzendari Nagusia egon diren ekitaldian. Aurkezpen ekitaldiari amaiera emateko, artistek kanta bat abestu dute.

Garik adierazi duen bezala, “ez da Hertzainaken revival bat izango, kontzertu paregabea eskainiko dugu. Izan ginena izan ginen eta garena gara. Bizitzak berriro elkartu gaitu, eta ospatu gura dugu”. Artista bikoteak eskainiko duen kontzertuan Hertzainak taldearen funtsa eta urte hauetan guztietanbieklortu duten esperientzia uztartuko dira.

Horrela, azaldu dutenez, 17 abesti inguru eskainiko dituzte. “Esperientzia horrek bizia eman zigun: bizitzeko eta bizitza ulertzeko modu bat, ikuspegi pertsonalean eta kolektiboan”, adierazi du Zabalak aurkezpen ekitaldian. Esperientzia gogora ekartzeko, rock banda mitikoaren historian oso bereziak izan diren gonbidatuak egongo dira eurekin.

Dagoeneko mitikoak diren abesti batzuk agertoki gainean entzunez dar-dar egiteko aukera paregabea. Garik esan duenez, “orain sei hilabete Josuk eta nik Arriagan abesti batzuk elkarrekin abesteko aukera izan genuen. Oso berezia izan zen guretzat, eta bertan egon zirenentzat ere oso berezia izan zela uste dut”.

Zabalaren hitzetan, “Hertzainaken abestiak joko ditugu: nostalgia barik, inolako penarik gabe, poz handiarekin eta bizitzarekiko maitasun sakonarekin. Esperientzia berezia eta ederra izango da abesti horiek esanahi pertsonala edo kolektiboa duten pertsona guztientzat.” Kontzertuak bi ordu inguru iraungo ditu, eta “Inun baino alaiagoa izanen da” izenburua eramango du, taldearen lehen diskoko “Ta zer ez da berdin” abestian entzun zitekeen esaldia.

Sarrerak salgai daude jada www.euskalduna.eus webgunean eta beste ohiko kanal batzuetan. Sarrerak 27 eurotik aurrerako prezioa izango dute (kudeaketa gastuak barne).