BILBO. Asteburu honetan helduko da amaierara Harrapazank 2019, entseguak eta casting-ak egiten zenbait hilabete eman ondoren. Finaletako galekin amaituko da eta bertan jakinaraziko dira edizio honetako irabazleak. Gala birekin amaituko da edizio hau; parte-hartzaileek euren artea erakutsiko dute, antzerkiaren, musikaren, dantzaren edo magiaren arloko taldekako edo bakarkako lanekin.

Harrapazank programaren juniorren finala (12 eta 15 urte bitartekoa) ekainaren 21ean (barikua), 18:00etan egingo da eta seniorren gala (15 eta 18 urte bitartekoa) ekainaren 22an (zapatua), 18:00etan. Final biak Bilborock aretoan izango dira.

Euskarazko talentuen lehiaketa honek sormena eta talentua sustatu nahi ditu, 12 eta 18 urte bitarteko bilbotarren artean, zenbait modalitateren bidez. Edizio honetan 149 gaztek hartu dute parte 57 taldetan. Junior modalitatean 105 gazte aritu dira 35 taldetan; senior modalitatean, berriz, 44 gaztek hartu dute parte 22 taldetan.

Kategoria bakoitzean 10 talde dira finalera heldu eta asteburu honetan Bilborock aretoan jardungo dutenak euren trebeziak agertzen; hortik aterako dira edizio honetako irabazleak.

Junior galan, 10 talde arituko dira dantza, antzerkia, musika eta magia modalitateetan. Senior galan, aldiz, beste 10 talde, dantza, musika eta magia modalitateetan.

Miren Gaztañaga aurkezleak gidatuko ditu final biak. Horietan talentua duten zenbait gazte bilbotar arituko dira dantza, musika, antzerki zein magia egiten Bilborock aretoan. Sorpresa handiak eta ugariak ere izango dira final horietan.

Ugaitz Alegría, Xabi Hoo, Ylenia Baglietto eta Vera Alonso artistak dira epaimahaia osatzen dutenak eta lan zaila izango dute edizio honetako irabazleak aukeratzeko. Aurten, gainera, Maite Sarasola eta Maddi Zabalo ere izango dira, gonbidatu berezi modura.

Kategoria bietan 10 talde finalista daude eta kategoria bakoitzean irabazleak 500 euro irabaz dezake. Nahi duten guztiak sar daitezke doan Bilborock aretoan izango diren galetara, aretoko leku guztiak bete arte.

HARRAPAZANK 2019

Harrapazank euskararen erabilera gazteen artean sustatu, esperientzia positibo eta parte hartzaileen bitartez gazteen motibazioan eragitea lortu eta gazteen gustuko ekintza parte hartzaile eta erakargarriak eskaintzera bideratutako egitasmoa da; hori gazteen kolektiboa protagonista izanik.

Bilboko Udaleko Euskara eta Hezkuntza Sailak bultzatzen du programa hau, euskararen sustapenerako bertako elkarteen federazioa den Euskaltzaleen Topagunearekin batera.

Finalistek euren onena eman dezaten bederatzi irakasle profesionalek hartu dute parte lehiakideen dohain artistikoak hobetzen laguntzeko: Olatz Gamboa, Jon Casamayor, Ugaitz Alegría, Andrea Lopez, Ines Bermejo, Eñaut Asuabarrena, Paul Beitia, Koldo Olabarri eta Urtza Zuazo.

Kategoria bietan castinga egin da Bilborock Aretoan, eta gazteek euren talentua erakusten jardun dute antzerkian, dantzan, musikan, bakarrizketetan, txisteak kontatzen eta abarretan. Casting-a apirilaren 29tik maiatzaren 2ra egin zen eta Ugaitz Alegríak, Ylenia Bagliettok, Xabi Hook eta Vera Alonsok gidatu zuten; eurek izan dira asteburu honetako finaletan kategoria bakoitzean arituko diren 10 taldeak aukeratu behar izan dituztenak. Finala baino lehenago, maiatzaren 31n, hautatutako taldeek masterclass bat jaso dute euren emankizuna lantzeko, Begoñako udaltegian.

Aurten ere sare sozialak baliatu ditu Harrapazank programak berriz ere gazte bilbotarren komunitatea sendotze aldera, eta horren lekuko da www.harrapazank.eus web orria. Bertan, sarrera berriak, bideoak eta argazkiak, eta sare sozialetara loturak jaso dira eta parte-hartzaileen gurasoek eurei zuzendutako atal bat izan dute ikusgai. Harrapazank programak kanal bat izan du Youtuben eta profilak Instagram, Twitter eta Facebook sare sozialetan.