UZTAILAREN 1ETIK 7RA

80 emanaldi baino gehiago izango digu Bilboko Kalealdiak

09.02.2020 | 06:37
Bilboko Kalealdiaren aurkezpena.
Bilboko Kalealdiak 29 konpainiak eta 80 emanaldi baino gehiago eskainiko digut

Guztira, 9 estreinaldi jasoko ditu ekitaldiak

BILBO. Uztailaren 1etik 7ra 80 emanaldi izango ditugu ?aurreko edizioan baino %20 gehiago?. Horietako asko, aire zabaleko agertoki handi gisa finkatzen ari den Casilda Iturrizar Parkean izango dira. Aurtengo edizioan ere parkeak apainketa berezia edukiko du Hiriko ekitaldi nagusietakoa izango den jaialdiari ongi etorria emateko. Gainera, aurten sentimenen arabera bereizitako hiru gune izango ditu, jaiarekin, loreekin eta lasaitasunarekin lotutakoak. BILBOKO KALEALDIA Alde Zaharraren inguruko ohiko kokalekuetara ere helduko da.

Edizio honetara gonbidatutako konpainien artean, 10 Euskadikoak dira, 4 Estatuko gainerako lekuetakoak, eta gainerakoak Frantziatik ?kaleko antzerkiaren Europako erreferente nagusia?, Italiatik eta Danimarkatik datoz, batez ere. Guztiek ere euren azken lanak ekarriko dituzte Bilbora, eta ikus-entzuleek ohiko agertokietan gozatu ahal izango dituzte: parkean, astelehenetik asteazkenera, eta ostegunetik aurrera jaialdia Bilboko Areatza ingurura joango da, Plaza Barrira, Santiago Plazara eta Arriaga Antzokiaren kanpoaldera.

ESTREINALDIAK

Jaialdiaren hurrengo ediziorako programazioak Estatuan lehen aldiz ikusiko diren sei ikuskizun, Euskadin estreinatuko diren bost eta euren erabateko estreinaldia BILBOKO KALEALDIAN izango duten beste hiru proposamen jasoko ditu. Horrela, Estatuko estreinaldien artean, sentimenduz eta muturreko arriskuko jolas akrobatikoz betetako Bigbinôme Collectif taldearen "Saut"; akrobazia eroen bitartez txolarreen maitasun erritualak irudikatzen dituen eta 7 metroko altueran egiten den Cirque Hirsute konpainiaren "Les Butors"; edo migratzaileen dramari buruzko Cirque Rouages frantsesen "Boate".

Estatu mailako estreinaldi izango dira, baita ere, Bilbon bi clown marmarti eta barregarri protagonista diren Magik Fabrik Cie konpainiaren "Incognito" ikuskizuna; zirku garaikideko Puéril Péril taldearen "Bankal"; eta, amaitzeko, 2017an jadanik Bilbo bisitatu zuen eta orain "Perceptions" lanarekin etorriko den Bivouac Cie konpainia frantsesa, ekain honen amaieran Frantzian estreinatuko duten zailtasun tekniko handiko ikuskizuna. Ikuskizuna uztailaren 1ean ikusi ahal izango da, 22:30etik aurrera, gaueko emanaldi ikusgarri gehienak biltzen dituen Arriaga plazan.

Euskadin lehen aldiz ikusi ahal izango diren proposamenen artean bi azpimarratu behar dira. Alde batetik, Kataluniako Mumusic Circus zirku konpainiak "Flou Papagayo" ikuskizuna aurkeztuko du. Bertan, nonbaiten kokatzeko zaila den lengoaia eta estilo anitza zabaltzen dute, zirkua, clowna, dantza, objektuen antzerkia eta zuzeneko musika uztartuz. Ikuskizun horrek Kaleko Ikuskizun Onenaren saria jaso zuen iaz Circ de Catalunyako Zirkòlika Sarietan. Beste alde batetik, lehen aldiz ikusi ahal izango da Euskadin Defracto Cie frantsesen "Flaque" malabar ikuskizuna. Bertan, giza gorputzak beste dimentsio bat hartzen du, diziplinaren garapenerako funtsezko elementu gisa. Bi ikuskizun horiek uztailaren 2an eta 4an, Arriaga plazan, 22:30etik eta 23.00etatik aurrera aurkeztuko dira ikus-entzuleen aurrean, hurrenez hurren.

BILBOKO KALEALDIAN egongo diren gainerako konpainien artean beste hainbat azpimarratu behar dira, duela hilabete Leioako Umore Azokan estreinatu zen "Esencial" zirku garaikide ikuskizuna aurkeztuko duen Andaluziako Vaivén Circo, besteak beste. Lan horretan eszenografiak oso leku garrantzitsua betetzen du, zirku teknika anitzak gauzatzeko aukera emanez. Beste alde batetik, Solfasirc taldeak Casilda Iturrizar parkean instalatuko du bere karpa, familia osoari zuzendutako "Dékoncert" ikuskizuna eskaintzeko. Lan horrekin bi sari lortu zituen iaz: Circ de Catalunyako Zirkòlika BBVA Sari Nagusia eta Ikus-entzuleen Saria Gaztela Leongo Nazioarteko Zirku Jaialdian.

Clown ikuskizunen artean aipamen berezia merezi du Danimarkako Brunette Bros konpainiak. 2018ko Lleidako Fira de Titelles ospetsuan "Interpretazio Onenaren" Urrezko Herensugea lortu zuen "Circus" ikuskizuna ekarriko du Bilbora. Eszenografiaren parte gisa kamioi zahar bat erabiliz, ikus-entzuleak miniaturazko antzerki ibiltarian eta zirkuan murgilduko dituzte. Brunette Bros-ek hiru emanaldi eskainiko ditu, Casilda Iturrizar parkean, 21:00etan, uztailaren 1, 2 eta 3an.

HIRU MUNDU

Parkea izango da, hain zuzen ere, edizio honetako erabateko estreinaldietako baten agertokia, BILBOKO KALEALDIAN aspalditik ezagutzen dugun Mystérieuses Coiffures-en eskutik. Aurten sentimen ikuskizuna proposatuko du, leku horretarako berariaz diseinatutako fantasiazko unibertsoa. Hiru mundu egituratuko dira bertan, eta ikus-entzuleek bertatik ibiltzeko eta hunkitzeko aukera izango dute. Horrela, Casilda Iturrizar parketik dabiltzanek, dena kolorez beteta egongo den Jaiaren mundutik, ile-apaintzaile zoroak landare-orrazkerak egin eta sorkuntza tailerrak eskainiko dituen Loreen mundutik, eta, gura dutenek, bertan gelditzeko, etzateko eta amets egiteko aukera izango duten Samurtasunaren, baretasunaren eta soseguaren mundutik paseatu ahal izango dute.

Edizio honetako erabateko bigarren estreinaldia Teatro due mondi konpainia italiarraren "Como crepe nei muri / Wall Cracks" kaleko antzezlana izango da. Pieza horrek, harrien eta hesien bitatez egunero eraikitzen diren hormei eta mugei buruz egiten du berba, gainditzeko ezinezkoak diren hormei buruz, baina beldurraren eta konfiantza faltaren bitartez eraikitzen diren pertsonen arteko hormei buruz ere egiten du berba. Estreinaldia uztailaren 7an izango da, 12:00etan, Areatzan.

BILBOKO KALEALDIAN jasoko dugun erabateko hirugarren estreinaldia, ibilbide luzea duen Hortzmuga Teatroa Bilboko konpainiaren eskutik etorriko da. Amaiera emango dio edizio honi, uztailaren 7an, 13:30ean, Arriaga plazan, beste lan batzuek bezala migrazioen gaia lantzen duen "Bidaia" lan berriarekin. Oraingo honetan, Hortzmuga Teatroak gizarte gogoetarako tresna gisa erabiltzen du kaleko antzerkia. Herritarrak emanaldiaren parte izango dira, ekintzaren elementu aktibo gisa. Sorkuntza prozesuan jaso diren etorkinen eta errefuxiatuen bizipenetan eta kontakizunetan abiatuta, formatu bizia eta ikuskizuna eskainiko den leku bakoitzean desberdina sortuko da, gazteei eta helduei zuzenduta.

10 EUSKAL KONPAINIA

Hortzmuga Teatroa taldeaz gain, BILBOKO KALEALDIAREN edizio honek hainbat diziplina jorratzen dituzten beste bederatzi euskal konpainia ere izango ditu. Horien artean, Leioako Umore Azokaren azken edizioan Euskal Ikuskizun Onenaren Saria irabazi berri duen "[e.go]" eskainiko duen Dikothomia. Dikothomia, zirku mota garaikideagoan espezializatuta dagoen euskal konpainia da, eta ikuskizun hori mazoari eskaintzen zaion omenaldia da, arte adierazpenerako zirkuko objektu gisa.

Beste proposamen azpimarragarri bat Deabru Beltzak taldearen eskutik etorriko da. Ziurrenez arte eszenikoen alorrean aritzen direnen artean nazioartean oihartzun handiena duen euskal konpainia izango da, eta 4.000 emanaldi baino gehiago eskaini ditu sortu zenetik. Edizio honetan, perkusioa, sua eta piroteknia uztartzen dituen "Symfeyny" ikuskizun berria aurkeztuko dute. Ikus-entzuleekin topaketa eta elkarrekintza sustatzen duen pieza harrigarria da. Lehenengo partea ibiltaria da, eta ondoren, agertoki gainean, sei musikari-piroteknikok sorkuntza lan berriari bizia emango diote, dardara eta soinua dituen eta irudietan eta koreografietan aberatsa den ikuskizunean. Uztailaren 5ean eta 6an ikusi ahal izango da, 23:30ean, Arriaga plazan.

BILBOKO KALEALDIAREN edizio honetan arituko diren bertako gainerako konpainiak hauek izango dira: Barsanti Cia, Malas Compañías, Markeliñe, Natxo Montero, Trakamatraka eta The Funes Troup, kaleko ikuskizunak, clowna, zirkua, dantza eskainiz, eta baita familia osoari zuzenduta dagoen eta musika-tresna guztiak birziklatutako materialekin eginda dauden musika esperientzia bat ere.

Beste alde batetik, eta kaleko ikuskizunen ekoizpenari laguntzeko hainbat euskal jaialdi biltzen dituen Karrikan plataformaren bitartez BILBOKO KALEALDIAK eta Bilboko Udalak ematen duten laguntzari esker, Bilboko ikus-entzuleek azken laguntza deialdiaren proiektu irabazlea ikusi ahal izango dute. Flora Bougues koreografo eta dantzariak eta Eric Lenormand konposatzaileak osatzen duten eta musika eta dantza uztartuz zeharkako proiektuak sortzen dituen Eflirkoa Collectif izenekoaren ikuskizuna da. "Echos", ikus-entzuleek uztailaren 1ean, 19:00etatik aurrera, Casilda Iturrizar parkean gozatu ahal izango duten dantza garaikide pieza da.

SARRERAK

Ohikoa denez,BILBOKO KALEALDIAREN barruan programatu diren ikuskizun guztiak doakoak izango dira, Casilda Iturrizar parkeko karpa barruan egingo diren emanaldiak izan ezik (Solfasirc konpainiaren"Dékoncert"). Ikuskizun horiek 3 euroko prezio sinbolikoa izango dute, leku kopuruaren kontrola egin ahal izateko. Biltzen den diru guztia ASPACE-BIZKAIAri emango zaio.

Sarrerak, Areatzan egongo den Jaialdiko Informazio Bulegoan eskuratu ahal izango dira uztailaren 1etik 3ra (11:30-14:00 / 17:00-21:00) edo Casilda Iturrizar parkean bertan (17:00-21:00).

Halaber, Docteur Troll Cie konpainiaren "Pépé" ikuskizunerako eta Brunette Brosen "Circus" emanaldirako aurretik gonbidapena jaso beharko da parkean bertan, 11:00etatik aurrera goizetan eta 17:00etatik aurrera arratsaldeetan.

noticias de deia