BILBO. Bizikleten eta motozikleten segurtasun kanpaina astelehenean hasiko da Bilbon. Kanpainak ekainaren 2ra arte iraungo du. Bilboko Udaltzaingoak motozikleten, bizikleten eta ziklomotorren zirkulazioaren arloko arauak betetzen direla kontrolatuko du. Ekimena, Bide Segurtasunerako eta Mugikortasun Segururako Euskadiko Plan Estrategikoaren barruan dago.

Kanpainaren barruan kontrolak jarriko dira bai goizez bai arratsaldez, kokaleku, diseinu edo egoeragatik bide-segurtasunaren ikuspegitik arrisku handia duten puntuetan; bizikletarekin espaloietatik eta oinezkoentzako aldeetatik ibiltzea debekatuta dagoela ?oinezkoak harrapatzeko arriskua baitago- eta bidegorriak erabiltzea komeni dela nabarmenduko da bereziki.

Ildo horretan, Bilboko Udalak honako hauek gogorarazi gura ditu: Espaloia ez da zirkulatzeko eremua eta, hortaz, irizpide orokor gisa, ez dago baimenduta espaloitik bizikletaz, patinete elektrikoz eta beste edozein ibilgailuz zirkulatzea, ibilgailua umeek darabiltenean izan ezik.

Oinezkoak eta bizikletak batera ibiltzeko berariaz seinaleztatutako espaloi zatietan soilik dago baimenduta bizikletaz zirkulatzea, baina lehentasuna oinezkoari dagokio beti. Eremu horietatik bizikletaz doazenek abiadura moteldu behar dute oinezkoekin topo egitean, lasai eta arrisku barik igarotzeko.

Bizikletariek oinezkoen pasabideak zeharkatzeko orduan, kontuan hartu behar dute lehentasuna oinezkoek dutela.

2018KO KANPAINAKO DATUAK

Udaltzainek bizikletarien arau-hausteak jaso eta gainera, gidariak ohartarazi edota salatu ahal izango dituzte, oinezkoen edo ibilgailuen zirkulaziorako arrisku zehatza eragiten duten jarrerak edo jokabideak dituztenean.

Iaz egindako antzeko kanpainetan 98 bizikletari ohartarazi zituzten arautegia ez betetzeagatik eta 28 salatu zituzten eta 270 motozikleta eta ziklomotor kontrolatuz.