BILBO. Lehenik eta behin, ekitaldiari hasiera emango zaio Kalakan eta Khami taldeek sortutako MUGAK ikuskizunarekin, non txalapartaren, albokaren eta txistuaren betiko soinuak munduko txoko ugaritako musika-tresnekin eta musika elektronikoaren zertzeladekin uztartuko diren.

basque FEST euskal kulturaren jaialdia gaur hasi, eta bost egunez luzatuko da. Adin zein gustu guztietako pertsonentzat egokitutako 300 jarduera baino gehiago antolatuko dira, eta gehienak doan izango dira. Gainera, berritasun ugari izango ditugu.

Hasierako ekitaldia Azkuna Zentroa ? Bilboko Alhondigan egingo da 19:30etik aurrera. Bertan, Bilboko Anfitrioiak egongo dira ekitaldia zuzentzen, hiribilduaren historia azalduko duten pertsonaia karakterizatuak. Gainera, honako hauek bertaratuko dira: Juan Mari Aburto Bilboko Alkatea eta Udal Korporazioaren beste ordezkari batzuk, eta Maite Etchemendy eta Julen Achiary, zazpigarren edizio honetan gonbidatu den Itsasuko Errobiko Festibalaren Presidentea eta Administrazio Kontseiluko kidea, hurrenez hurren.

Errobi Iparralden gehien errotuta dagoen jaialdietako bat da, eta aurten hogeita laugarren edizioa antolatuko da. Lapurdiko Itsasu herrian hainbat arte-diziplina biltzen dituen hitzordu bat da. Musika da ardatz nagusia, eta euskal kulturaren panoramako sortzaile ospetsuak hurbildu ohi dira, bai eta haien kulturen sustraietan oinarritutako nazioarteko proposamenak ere.

KALAKAN ETA KHAMI TALDEEN FUSIO BAKARRA KONTZERTUAN

20:00etan, Kalakan eta Khami taldeek sortutako MUGAK ikuskizunaren txanda izango da, non txalapartaren, albokaren edo txirularen antzinako soinuak hainbat perkusio instrumenturekin lotuko dituzten, bai eta planetako beste leku batzuetako tresnekin eta musika elektronikoaren zertzeladekin ere.

MUGAK ikuskizunean, betiko askotariko abestiak entzun ahal izango ditugu, “Haika Mutil”, “Binbili-Bonbolo”, “Goizena goiz jeikirik”, “Ene izar maitia”, “Atso Zaharraren Atorra Zaharra” esaterako, baina baita ia-ia galduta dauden beste batzuk ere (“Larre Berrian”). Nola ez, proiekturako beren-beregi sortutako lanak joko dituzte.