BILBO. Bilboko udaltzaingoak Miribillako polizia-egoitzako ateak irekiko ditu datorren larunbatean goizeko 10:00etatik 14:00etara , 175. urteurrena dela eta. Bisita gidatuak eskainiko dira eraikinaren barrualdea erakusteko.

Bilboko Udaltzaingoa 1844ko azaroaren 8an sortu zen, Federico Victoria de Lecea alkatearen eskutik. Izan ere, tokiko erakunde moderno bat sortu zuen 12 agenterekin. 175 urte ondoren, Bilboko Udaltzaingoa aldatu egin da eta gaur egun tokiko polizien erreferentea da hurbiltasun eta gertutasuneko politikarekin.

Urte berezi hau ospatzeko, Bilboko Udalak herritarrentzako zenbait ekitaldi egin nahi ditu. Udaltzaingoak herritarrei zerbitzua emateko xedea du, eta pertsonak eta ondasunak babesten ditu. Hori dela-eta, bilbotar guztiekin partekatu nahi dute urteurren berezi hau. Izan ere, 12 agenterekin hasi zen, eta 800 agente baino gehiago dauzka orain: zer hazkunde profesional izan duen jartzen du agerian, beti herritarren zerbitzura.

Jardunaldia martxoaren 30ean izango da, zapatuan, goizeko 10:00etan hasi eta 14:00etara arte. Bi gune bereizi izango dira ospakizun-jardunaldian.

Alde batetik, bisita gidatu bat izango da, polizia-instalazioen barnealdean. Adin guztietako pertsonek egin ahal izango dute bisita, eta udal agenteak izango dituzte gidari. 15 minutuero izango dira bisitak, eta 15-18 pertsona arteko taldeak osatuko dira horretarako. Bisitan zehar, polizia-instalazio horietan egiten den lana ezagutu ahal izango da, herritarrek zer zuzemen egin ahal dituzten han, Galako Poliziaren historia ere bai, eta Aginte eta Kontrol Zentroa ikusi ahal izango da, Krisietarako Aretoa ere bai, eta solairu bat Udaltzaingoaren hainbat unitate hartzen dituena, hala nola Analisi eta Inteligentziako Inspekzioa, Drogen kontrako Inspekzioa edo 092a; gainera, akademia bisitatu ahal izango da, gimnasioa eta abar?

Iritsi ahalako hurrenkeraz egingo da bisita, eta polizia-instalazioetara sartzeko gunean egingo da ilara. 8 agente arituko dira Miribillako Komisaria Nagusia erakusten hurbiltzen diren guztiei, direla helduak, edo haurrak. Bisitak 30 minutu iraungo du.

Beste alde batetik, hainbat jardueratarako gune bat izango da aparkalekuan (Juan Carlos de Gortazar kaletik sarbide zuzena duen lekuan, 12. zenbakiaren aurrean). Udaltzaingoaren ibilgailuen erakustaldi bat izango, automobil, furgoneta, mendi-ibilgailu eta polizia-motorrekin.

Udaltzaingoaren Txakur Unitatearen erakustaldi bat ere izango da, eta udaltzainek obeditzeko ariketak eginaraziko dizkiete polizia-txakurrei. Bi erakustaldi izango dira, bat 11:15ean, eta bestea 13:15ean.

Haurrek ere izango dute beren lekua Ate Irekien Jardunaldi honetan. Bide-segurtasuneko espazio bat egongo da adingabeentzat, bide- segurtasuneko arauak ikasiz jolas egin dezaten. Gune horretan, Bizikletetarako Bide Segurtasuneko zirkuitu bat egongo da antolatuta. Neurri desberdinetako bizikletak, 5 eta 12 urte bitarteko umeentzat. Zirkuitu hori MAPFRE Fundazioaren laguntzari esker instalatuko da.

Era berean, bide-segurtasuneko material didaktikoa banatuko da, batzuk adin bateko eta besteko umeentzat egokitutako ipuin gisa, horiek ere MAPFRE Fundazioak eta Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak lagata.

Goiz osoan zehar, adin guztietako herritarrek gozatu ahal izango dute Udaltzaingoaren ospakizun-egun hau, eta Udaltzaingoaren lana eta polizia-instalazioak areago ezagutarazi nahi dira horrela; horregatik egiten zaie gonbidapena herritarrei Miribillara etor daitezen Ate Irekien Jardunaldi honetara.

175 URTEKO IBILBIDEA DUEN POLIZIA

Bilboko Udaltzaingoa uriko historiaren zati bat da. 1844 azaroaren 8an sortu zen, Federico Victoria de Lecea alkatearen agintaldian. Berak erabaki zuen Udaltzaingoa sortzea eta lehendik zeuden aguazilen kidego txikia antolatzea; horrela eratu zuen tokiko erakunde moderno bat, jendeak gero eta segurtasun handiagoa eskatzen baitzuen. Hasieran, 12 agente eta buru bat baino ez ziren egon.

Lehen komisaria Udaletxe zaharreko beheko solairuan zegoen, Kontratazio Etxearen eta Bilboko Kontsuletxearen ondoan, San Antongo elizari itsatsita. Zerbitzuak oinez egiten ziren eta lehen ibilgailuak Automoto markako bost bizikleta izan ziren, “Tour de France” modelokoak, 1926an.

Gaur egun, ia mende biko ibilbidearen ondoren, 861 pertsona daude Bilboko Udaltzaingoaren plantillan (agenteak, agintariak eta atxikitako administrariak). Horietatik, 811 poliziak dira (86 emakumezko, % 10,02) eta langileen batez besteko adina 45 urte.

Denborarekin, Udaltzaingoaren zeregina aldatu egin da. Gaur egun gakoa prebentzioa da, auzoetan oinez ibiltzen diren polizia-patruilekin, horrek segurtasunaren pertzepzioa areagotzen baitu. Herritarren beharrizanei erantzuten zaie horrela, batez ere adinekoei eta andrazkoei kasu eginez..

Hilabete hauetan zehar Bilboko Udaltzaingoaren 175. urteurrena ospatzeko gauzatzen ari diren ekitaldiak hauek dira:

  • Bilbon erroldatuta dauden Lehen Hezkuntzako 2. eta 3. zikloetako ikasleentzako ipuin-lehiaketa.
  • Miribillako instalazioak ezagutzeko eguna, martxoaren 30ean.
  • Herri-lasterketa familiekin eta gizarteko zenbait talderekin Uribitarteko inguruan, apirilaren 14an.
  • Tokiko poliziaren ereduari buruzko jardunaldiak urriaren 10ean eta 11n, Euskalduna Jauregian.
  • Ekitaldi instituzionala azaroaren 8an, Bilboko Udaltzaingoaren urteurrena ospatzen den egunean.