BILBO. Bilboko Udalak gaur irekiko du, martxoak 18, datorren martxoaren 31ra arte (igandea), "" robotika-lantegietan parte hartzeko izena emateko epea eta nahitaezkoa izango da www.bilbao.eus webgunearen bitartez egitea. Lantegiok Bilbon erroldatutako umeentzat dira, 10 eta 11 urte bitartean dituztenentzat (beraz, 2008an eta 2009an jaiotakoentzat). Lantegi horietan parte hartzeko, ezinbestekoa da izena on line ematea Bilboko Udalaren web orrian www.bilbao.eus.

13 lantegi eskaintzen dira, guztiak euskaraz, eta 15 lagun hartuko ditu lantegi bakoitzak. 4 ordu iraungo dute, eta bi saiotan egingo dira, asteko egun berean, elkarren osteko bi astetan, 17:30etik 19:30era. Lego-piezak erabiliz diseinatu, muntatu eta programatuko dira robotak. Lantegiak taldeka egingo dira, parte hartzaileek euskaraz komunikatzeko eta harremana izateko aukera izan dezaten.

Bilborot apirilaren 29tik ekainaren 7ra arte gauzatuko da, Bilboko hango eta hemengo auzoetan, gazteenengana iristearren. Zehazki, Deustu, Ibaiondo, Begoña, Abando, Errekalde eta Basurtuko udaltegietan eta San Inazioko Euskararen Etxean gauzatuko dira.

Behin izena emateko epea amaitutakoan, martxoaren 31n, zotz eginez esleituko dira lekuak, eta apirilaren 8tik 12ra arteko astean, izena emandako pertsona guztiei jakinaraziko zaie ea plazarik egokitu zaien edo itxarote-zerrendan sartu diren. Plazarik eskuratu ezean, itxarote-zerrendan sartuko dira.

Gurasoek edo tutoreek eman beharko dute umeen izena on line, eta bi lantegitarako eman ahalko dute haien izena, bietako zein lehenesten duten adieraziz; ostera, lantegi bakarrean parte hartuko dute.

Lantegiok euskaraz izango dira, euskararen erabilera sustatzearren eta sendotzearren umeen artean, aisialdian, modu erakargarri eta berritzaile batean. Gainera, hainbat balio hartzen dira aintzat, hala nola genero-berdintasunarena.

2019an, Bilborot lantegien bi txanda izango dira: lehena, honako hau, zeinean izena emateko epea gaur hasten baita, eta, bigarrena, udazken aldera. Bigarren aldi horretan robotika-lantegiak 8 eta 9 urte bitarteko umeentzat izango dira (beraz, 2010ean eta 2011n jaioentzat).

Programa hau Bilboko Udalak eta Urtxintxa elkarteak antolatua da, eta Bilboko Udalaren EGEP Euskara Garatzeko Ekintza Planaren helburuak ditu oinarri: alegia, hizkuntzaren transmisioa, kalitatea eta zerbitzua.