BILBO. Africa Basque Challenge proiektuko parte-hartzaileek Big Bilbon izango dira bihar. Zentroan, Euskadi eta Kenyako ekintzaile gazteek ekintzailetza digitalari buruzko goi-mailako prestakuntza jasoko dute.

Prestakuntzaren helburua da parte-hartzaile guztiek proiektuak garatzeko eta ekintzailetzarako zein berrikuntzarako gaitasunak garatzea, eta, horrela, hasieran aurkeztutako ideiari buruzko proiektu bideragarri bat sortzea. Aholkularitzan eskarmentua duten Systemicup eta Audens enpresetako profesionalek honako gai hauei buruz hitz egingo diete Euskadiko eta Kenyako ekintzaile gazteei: lantaldeak garatzea; Canvas metodologia; enpresak sortzeko lege-gaien gaineko aholkularitza; eta Afrika eta Europak ekonomia zirkularraren, ingurumenaren zein jasangarritasunaren inguruan elkarrekin jorratutako adibideak.

Mondragon Unibertsitateak eta Mondragon Team Academy antolatu dute Africa Basque Challenge proiektua. Hain zuzen ere, kulturarteko lankidetzaren bitartez gazteek elkarrekin sortutako gizarte- eta enpresa-errealitate berriak sustatzeko Afrikak eta Euskadik duten harremanetatik sortu da.

Lehenengo edizio honetan, hiriaren eta landaren arteko ezberdintasunak murrizten laguntzeko ekimen digitalak garatuko dira. Hamaika talde hautatu ziren, eta azaroan bootcamp bat egin zuten Nairobin, Afrikako Silicon Valley delakoan. Proiektuaren azken aste honetan, BIG Bilbao zentroan jasoko duten prestakuntzaz gain, zenbait topaketa izango dituzte start-up eta berrikuntzaren munduari lotutako hainbat enpresarekin. Africa Basque Challenge amaitzeko, sari-banaketa bat antolatuko da otsailaren 15ean, ostirala. Bertan, proiektu irabazlea emango da ezagutzera.