Etxebarriko langabezia-tasa %8,7koa da

Udalerrian dagoen biztanleria aktibo guztiaren artetik, orain 532 pertsona daude langabezian

12.01.2022 | 09:00
Langabeziak behera egin du berriro Etxebarrin.

Langabeziak behera egin du berriro Etxebarrin eta % 8,7an kokatu da, covid aurreko mailen azpitik. Etxebarriko langabezia-indizea 1,4 puntu jaitsi da 2021ean, urtarrileko %10,1etik abenduko % 8,7ra. Horrela, Etxebarrin, gaur egun, langabezia-tasa % 8,7koa da, "Bizkaiko batez bestekoa baino 3 puntu txikiagoa, hau da, biztanleria aktiboarekiko 532 langabe daude guztira", azaldu dute Udaletik.

Langabezian dauden pertsona guztien "%37,5, 25-44 urtekoen artean dago, %54,5 45 urtetik gorakoa da eta %8 soilik da 25 urtetik beherakoa. Generoari dagokionez, langabeziak %39 gizonengan du eragina, eta %61 emakumeengan". Etxebarriko langabezia-tasa murrizten laguntzeko, Udalak hainbat ekintza jarri ditu martxan. Ildo horretatik, "enplegua udalen eskumena ez den arren, uste dugu gutxienez irtenbidearen parte garela, gizarteak premiaz eskatutako eremua hobetzeko ekimenak proposatuz", diote.

Horrela, Etxebarriko Udala "biziki inplikatuta dago enpleguaren eta prestakuntzaren garapenean, eta horretarako baliabide hauek eskaintzen dizkie herritarrei". Alde batetik Behargintzan parte hartzen du, Basauriko eta Etxebarriko Udalen Sozietate Publikoan. "Horien garapen integrala susta- tzeko sortua, pertsonen enplegagarritasuna hobetzera bideratutako ekintzak eta udalerrietako enpresak sustatzera bideratutakoak konbinatuz". Enplegurako prospekzio- eta informazio-jarduerak egiten ditu, autoenpleguari eta ekintzailetzari laguntzen dio, enpresak sortzen ditu, enpresei lehiakortasuna hobetzeko zerbi- tzuak ematen dizkie...

Beste alde batetik, Etxebarriko Udal Berrikuntza Zentroa (CIME) sortu zuen Udalak, "tokiko berrikuntza sustatzeko eta laguntzeko funtsezko pieza, bere jarduera-eremua lurraldean identifikatutako gune teknologiko guztietara zabalduz, sareko lana sustatuz eta baterako ekimen berritzaileen abiaraztea dinamizatuz".

Gainera, une honetan Tokiko Enplegu Plana garatzen ari da Lanbiderekin lankidetzan. Horren ondorioz, 10 pertsona kontratatu dira: mantentze-lanetako brigada (3 pertsona), 2 agente zibiko, esku-hartze arlorako administrari bat eta hainbat udal-planetako 4 dinamizatzaile (merkataritza eta berrikuntza, komunikazioa, datu-baseak eta udalaren webguneko edukiak). Hamar kontratazioetarako, gutxienez %30ek diru-sarrerak bermatzeko errenta jaso behar zuten.

Gainerako ehunekoa honako kolektibo hauetakoren batekoa da: 35 urtetik beherakoak edo 35 urtetik gorakoak, gutxienez 6 hilabetez enplegu-eskatzaile gisa izena emanda dauden 45 urtetik gorakoak, 55 hilabetetik gorakoak, luzaroko langabeak, gizarte-bazterkeria jasateko arriskuan daudenak, desgaitasunen bat dutenak, familia-erantzukizunak dituzten emakumeak eta genero-indarkeriaren biktima diren emakumeak. Kontratatutako pertsonen %40k, gutxienez, emakumeak dira. Era berean, %15 55 urtetik gorakoak dira.

noticias de deia