San Migelen aparkaleku berria egiteko obren lizitazio-prozesua hasi du Basauriko Udalak. Honekin batera, Matxitxakoko aparkalekua berritzeko obrak ere lizitatu ditu. Aipatzekoa da ibilgailu elektrikoentzako kargagunea ere edukiko dutela obrak amaitzen direnean. Udaletik azaldu duten bezala, San Migelen aparkaleku berria egiteko, eta Matxitxakokoan asfaltoa berritzeko, aparkalekua berrantolatzeko eta bertako irisgarritasuna hobetzeko obren lizitazio-prozesua hasi dute.

"Aire zabalean dohainik aparkatzeko guneak dira biak, eta, aurrerantzean, ibilgailu elektrikoentzako kargagunea ere izango da bertan", aipatu dute. San Migeleko aparkaleku berria Renfeko geltoki ondoan egongo da, eta 29 toki izango ditu ibilgailuak uzteko. Gainera, "toki horietako bat izango da beharrizan bereziak dituzten erabiltzaileentzako, eta beste bi erabiliko dira ibilgailu elektrikoak kargatzeko puntu bikoitz bat jartzeko".

Proiektu honen lizitazio-prezioa 170.464 eurokoa da. Matxitxako kaleko aparkalekuari dagokionez, lurra berriro asfaltatuko da, "aparkalekua berrantolatu eta irisgarritasuna hobetuko da ere", azaldu dute. Gaur egun, ibilgailu askok erabiltzen dute Matxitxakoko aparkalekua, "baina ez sarbidea, ez barruko ibilbideak, ez dira irisgarriak", horregatik hobekuntza horiek egiteko obrak ezinbestekoak dira. Eta, gainera, "zoladura berritu beharra dago. Beraz, esku-har- tzea baliatuko dute kanpoko espaloitik hormigoi inprimatuzko espaloi irisgarri bat eraikitzeko, zorua berriro asfaltatzeko, eta seinalizazioa, argiztatzea eta saneamendua hobetzeko".

Horrez gain, ibilgailu elektrikoak birkargatzeko puntu bikoitz bat instalatuko da. Guztira, 69 aparkaleku egongo dira, "zeinetatik bi gordeko baitira beharrizan bereziak dituztenentzako, eta beste bi, berriz, ibilgailu elektrikoak karga- tzeko", bestean bezala. Proiektuaren lizitazio-prezioa 137.316 eurokoa da.

"Badakigu Basaurin betidanik egon dela aparkaleku falta. Lur gutxi dagoenez, saiatzen gara jada existitzen diren tokiei ahalik eta etekin handiena ateratzen, doako aparkalekuak eskaintzeko eta daudenak optimizatzeko", azaldu du Asier Iragorri Basauriko alkateak. Aparkaleku falta hori ahal den neurrian konpontzeko, Udalak azken urteotan hainbat esku-hartze egin ditu, San Migeleko eta Matxitxakoko ekintza horiez gain. Horrela, Pozokoetxeko trenbide-multzoko parkinga asfaltatu eta seinaleztatu dute (100 toki).

Honen ondoan, zamalanak egiten ziren tokian, parking berria martxan jarri zuten ere eta (82 aparkaleku) aparkaleku berria ireki zen Uribarrin (83 leku). Gainera anbulatorio ondokoa txandaka eta doan 2 orduz aparkatzeko parkinga bihurtu zuten (83 leku). Beste alde batetik, Bizkaiko Garraioen Partzuergoak aire zabaleko eta doako aparkalekua prestatu zuen Sarratun, 70 tokirekin. Eta auzo horretako, Basozelaiko eta San Migeleko etxebizitza-sustapen berriek ere, lur azpiko eta azalerako aparkaleku berriak eraiki zituzten.

Auzoegin Auzoetan Esku Har-tzeko Ekintza Planaren barruko ekimena dira orain martxan jarri diren bi proiektuak. Ekintza plan horren xedea da "udalerriko zenbait tokitan eraberritzearen eta berroneratzearen alorreko esku-hartzeak egitea", herritarrek, elkarteek eta taldeek parte hartzeko zenbait bidetatik egindako eskaerei erantzuteko.

Aparkaleku berria

San Migel

29 toki. San Migeleko aparkaleku berria Renfeko geltoki ondoan egongo da kokatuta, eta 29 toki izango ditu ibilgailuak uzteko. Gainera, "toki horietako bat izango da beharrizan bereziak dituzten erabiltzaileentzako, eta beste bi erabiliko dituzte ibilgailu elektrikoak kargatzeko puntu bikoitz bat jartzeko", azaldu dute Udaletik.

Matxitxako

Hobekuntzak. Matxitxako kaleko aparkalekuari dagokionez, lurra berriro asfaltatuko da, "aparkalekua berrantolatuko da eta irisgarritasuna hobetuko da ere". Ibilgailu askok erabiltzen dute aparkaleku hau, eta beharrezkoak dira Udalak egingo dituen hobekuntzak.