CIPEB institutuak hasiera eman dio ikasturte berriari

Instalazioetan hobekuntzak egin dituzte eta gainera, aurten Ile-apainketa eta estetika zikloa eskaini dute

18.09.2021 | 01:05
Ile-apainketa eta estetika zikloa eskaini dute. Argazkia: B. Udala

Oinarrizko Lanbide Heziketako Udal Institutuak (CIPEB) ikasturte berriari ekin dio instalazioetan hobekuntzak eginda. Aurten, gainera, Ile-apainketa eta estetika zikloa eskainiko dute, berriro ere. Aipatzeko da, eskainitako plaza guztiak bete direla, eskeintzen dituzten bost zikloetan gainera. Etxebarri-Basauriko Oinarrizko Lanbide Heziketako Udal Institutuak (CIPEB, gaztelaniazko siglekin ezagutzen dena), prestakuntza-eskaintza zabalagoarekin eta instalazioetan hobekuntzak eginda ekin dio 2021-2022 ikasturteari.

Alde batetik, aurten ile-apainketa eta estetika berreskuratzea erabaki dute. Beste aldetik, hobekun- tzak egin dira, adibidez, atezainaren etxebizitza zena orain ikasgela bihurtuz. Zentzu honetan, Udaletik azaldu duten bezala, "ikusita eskualdean eskaera zegoela, aurreko urteetan eskainitako ikastaro bat berreskuratu dute: ile-apainketa eta estetika. Ikasgai horrek bat egin du urteroko gaiekin (arte grafikoak, sukaldaritza eta jatetxe arloa, informatika eta komunikazioak eta mantentze-lanak etxebizitzetan)".

Basauriko Udalak eginahalak egin ditu eskaintza handitzeko: "Ahalegin handia egin du ikasturte hasierarako prest egon zitezen bai atezainaren etxebizitza zena erabilera berrietarako egokitzeko lanak (orain, ikasgela bat, bilera-gela bat eta bulego bat daude bertan), bai ile-apainketa tailerrerako lanabes eta altzariak", aipatu dute. Gainera, Basauriko eta Etxebarriko ile-apaindegiek ere oso harrera ona egin diote ziklo berriari, eta lankidetza-hitzarmenak sinatu dituzte, prestakuntza-ibilbidea burutzeko beharrezkoak diren praktikaldietarako.

Hori oso garrantzitsua eta positiboa da ikastetxeko ikasleentzat; izan ere, prestakuntza Basauriko ikastetxean amaitzen dutenean, praktika profesionalak egin di-tzakete, eta horrela beren prestakuntzarekin jarraitu. Une honetan, beteta daude eskainitako bost zikloetarako toki guztiak (127). IMFPB Basauri OLHUIn eskainitako ikasketa arautuek bi urte irauten dute, enpresako praktikaldia barne; eta ikasleek, Oinarrizko Lanbide Heziketa titulua eskuratzeaz gain, DBHko graduatu-titulua eta 1. mailako profesionaltasun-ziurtagiria (Lanbide) ere lor dezakete. Ikastetxeak, bestalde, "jarraituko du digitalizazioaren alde apustu egiten, pertsonen arteko harremana eta gazte bakoitzarentzako laguntza pertsonalizatua bigarren mailan utzi gabe. Horiexek dira, hain zuzen, malgua izan behar duen, eta gazte bakoitzari sortzen zaizkion beharrizanetara etengabe egokituz joan behar duen esku-hartze sozioedukatibo horren gakoak".

noticias de deia