Marienea Basauriko Emakumeen Etxearen datorren hiletarako programazio berria prest dago. Marieneak jarduera eta proposamen zabal eta askotarikoa dakar 2021-2022 ikasturterako; ikastaroak, tailerrak, erakusketak eta abar. Ikasturte berrirako, “orain arte bezalaxe, neskatoekin eta neska gazteekin lanean jarraitzearen alde” egin dute, eta, gainera, jarraipena eman diete “talde autonomoei eta iaz abiarazitako prozesuei, adibidez, adineko emakumeekin sarea eta kontzientzia eratzekoa”, azaldu dute antolakuntzatik.

Besteak beste, “9-14 urte bitarteko neskatoentzako boxeo ikastaroa egongo da; eta 9-11 urtekoentzako Hilekoa? Zer da hori? eskainiko da, non naturaltasunez eta egiatasunez hitz egingo duten hilekoari buruz eta gorputzak, bizitzaren aldi batzuetan (pubertaroan, esaterako) bizi dituen aldaketa handiei buruz”, diote. Habitar la ola tailerrean, berriz, pandemiaren eragin emozionalei buruz ariko dira. Eta kalean ere presentzia gehiago izaten saiatuko dira, Ibilketa nordikoa tailerraren bitartez.

Ikastaro eta tailer ugari izango dira, kiroletatik literaturara, sendabelarrei buruzko beste bat, eta beste asko. Bestalde, 2022an hamar urte egingo ditu Marieneak, eta ospatu egingo dute (osasun-egoerak eta murrizketek ahalbidetzen duten neurrian). Jardueretan parte hartzeko, izena eman behar da aurretiaz, bai presentzialki (Marienean bertan), bai telefonoz, bai mezu elektronikoa bidalita, bai webgunean. Basaurin erroldatutako emakumeek lehentasuna izango dute.

Lanbiden izena emanda dauden emakume langabetuek, DSBEa jasotzen dutenek eta 18-24 urte bitarteko ikasleek % 50eko beherapena izango dute; eta, 18 urtetik beherakoentzat, matrikula doan izango da. Era berean, Basaurin erroldatutakoek haurtzaindegi-zerbitzua jasotzeko aukera izango dute, aurretiaz eskatuz gero. Matrikula egiteko edo informazio gehiagorako, 946 124 100 telefonoan, marienea@basauril.eus helbide elektronikoan edo Marienean bertan (Kareaga Goikoa 54) egin daiteke. Baita @MarieneaBasauri Facebook eta Instagram-en eta berdintasuna.basauri.eus webgunean.