MAZ Basauri jaialdia azaroan ospatuko da aurten. Jaialdia kudeatuko duen enpresa kontratatzeko lizitazio-prozesuari ekin dio Basauriko Udalak. Bere bederatzigarren edizioan, jaialdia asteburu bakar batean egingo da aurten, azaroaren 12, 13 eta 14an. Basauri musikaren alorreko erreferente bihurtu duen jaialdiak Social Antzokian eta oraindik zehaztu gabe dauden udalerriko beste toki batzuetan (Txiki MAZ eta MAZ Kalean) izango ditu kontzertuak eta beste jarduera batzuk.

Edizio berri honetan, udal arduradunek erabaki dute jaialdiari buelta bat ematea, "lortzeko herrian gehiago txertatzea, kalitate handiagoko taldeekin. Horretarako, batetik, emanaldiak asteburu bakarrean izango dira, ez bitan; eta, bestetik, kontzertu gehiago egongo dira kalean". Horrela izatea esperu dute aurten, baina hau guztia osasun-egoerak baldintzatuko du. "Nahi dugu jaialdiak indar eta nortasun handiagoa hartzea herrian. Asteburu bi izanez gero, apur bat sakabanatuta geratzen zen; baina emanaldi guztiak asteburu bakarrean pilatuta eta kalean kontzertu gehiago eginda, espero dugu herritarrak gehiago irtetea eta kale-giroan murgiltzea, kontzertuetara ez badoaz ere", aipatu du Jon Zugazagoitia Basauriko Udaleko Gazteriako zinegotziak.

Enpresa adjudikaziodunak sei emanaldi programatu beharko ditu, gutxienez; eta horietako bat, behintzat, euskaraz izan beharko da. Gainera, emanaldietako bat Rockein banden txapelketako talde irabazlearena izan beharko da. MAZ Kalean eta Txiki MAZ atalei dagokienez, gutxienez ekitaldi bi antolatu beharko dira kalean (horietako bat, behintzat, haurrentzat). Kokapenak udal arduradunek zehaztuko dituzte, udal ekitaldien agendaren eta osasun-egoeraren arabera. Kontratuaren lizitazio-prezioa, urtebeterako, 84.740 euro da (169.480 euro, bi urterako).