- Basauriko Udalak hasierako onespena eman dio Klima-aldaketaren Ondorioetara Egokitzeko Basauriko Planari. Helburu hori lortzeko hainbat urrats proposatzen dira. Horrela, dokumentuak sei jarduera-ildo estrategiko eta 19 egokitze-neurri jasotzen ditu, klima-aldaketari lotutako ondorioak leuntzeko.

Udaletik azaldu duten arabera, agiriak 2050era bitarteko helburuak ezartzen ditu, batetik; eta, bestetik, “2030era bitarteko 6 jarduera-ildo estrategiko aurreikusten ditu, zeinak klima-aldaketak udalerrian dituen ondorioak leuntzeko 19 egokitze-neurritan gauzatzen baitira”. Neurri horietako 12, epe laburrera ezarri nahi dituzte (2025. urterako), beste batzuk martxan daude jada eta beste batzuk laster abiatuko dira.

“Esate baterako, hiri-ortu osasuntsuen proiektua, arboladiari buruzko ordenantza, klima-aldaketara egokitu beharra txertatzea planetan, programetan eta sektorekako proiektuetan (adibidez, Adinekoentzako Hiri Adeitsuen egitasmoan), Tokiko Osasun Sarea edo hirigintzan genero-ikuspegia txertatzea”, azaldu du Nerea Renteria Basauriko Udaleko Ingurumeneko zinegotziak.

Epe laburrera ekintza zehatz gehien jasotzen dituen ildo estratregikoetako bat da “udalerriko natura-ekosistemak babestu eta ugaritzea, horiei dagokien balioa aitortzea -herritarrek erabili eta goza ditzaten- eta eremu horietako ekosistema-zerbitzuak mantenduko direla bermatzea”. Horrela, jarduketa zehatzetako bat da “ziurtatzea eremu libre eta berdegune berriak proiektu integral batean biltzen direla, gizarte-talde desberdinen beharrizanetara egokitzen direla eta klima-aldaketara egokitzea sustatzen dutela”.

Horrekin batera, zehazten da URArekin batera Nerbioi ibaiaren ertzetan berroneratze ekologikoko jarduketak egiten jarraitzea, “eta haur-parkeetan edo arbola gutxi daudenetan itzalguneak ugaritzea. Horrez gain, eserlekuen, atsedenguneen eta jolasguneen kokapenari buruzko azterlana egingo dute, horietan itzalguneak hobetzeko”, azaldu du Renteriak.

Klimaren ikuspuntutik “erresilienteak diren azpiegiturak jartzea aurreikusten duen ildoari dagokionez, eta epe laburrerako beste ekintza batzuen artean, aurreikusten da gaur egungo eta etorkizuneko eraikuntzetan diseinu bioklimatikoa aplikatzea”, eta hiri drainatze-sistema jasangarriak txertatzea, beti ere, horretarako aukera dagoen proiektuetan. Epe laburrera hartuko diren beste neurri batzuk izango dira larrialdi-planetan irizpide klimatikoa eguneratzea eta txertatzea, eta Basauriko Udalaren webgunean etengabeko informazio-puntu bat sortzea.

Herritarren eta gizarte-eragileen parte-hartzea, konpromisoa eta erantzukizuna sustatzea aurreikusten duen ildo estrategikoari dagokienez, berriz, “klima-aldaketari aurre egiteko programak garatuko dira, arreta berezia jarriz gizartearen talde zaurgarrienei (adinekoak) eta ikastetxeei”, bigarren horien kasuan, irakasleekin batera lan eginda, Eskola Agendaren bidez.