Galdakaoko Udalak ehun pertsona baino gehiago kontratatu ditu bere enplegu planei esker. 2021. urtearen hasieratik, 40 pertsona sartu dira udal gobernuak sortutako enplegu planetan jasotako ekimenen bidez. Pertsona horiei beste 66 gehituko zaizkie datozen hilabeteetan. Hauek dira Toki Garapen eta Enpleguko zinegotziak emandako datuak: José Luis Bernalek zehaztu du "106 kontratazioak 2020rako bi enplegu-planen ondorio" direla, bat arrunta, "40 pertsonari eragiten diena, eta bestea ezohikoa, beste 66 pertsonari eragiten diena, non 10 eskaintza gazteei zuzendutakoak izango diren".

Udalak "enplegu plan aproposena aurkezteko egin duen ahalegina" azpimarratu du zinegotziak, ezohiko egoera baten aurrean. "Guk, udal gisa, daukagun testuinguru sozioekonomikoan, bi helburu argi ezarri ditugu: batetik, udalerrian ditugun proiektuen eta enpresen bideragarritasuna bermatzea eta laguntzea, eta, bestetik, langabeziari aurre egitea", adierazi du. Programa honek 2.075.000 euroko kostua du, eta Lanbidek eta Galdakaoko Udalak finantzatu dute. "Lanbidek 242.415 eurorekin lagundu du programa, eta Udalak 1.832.585 euro jarri ditu", azaldu dute Udaletik.

Lanpostu desberdinak

Lanpostu desberdinak jarri dira martxan. Horrela, 56 langile laguntza anitza atalean egongo dira, 28 deialdi bakoitzean. Leku itxietan hasi dira lanean. Aperribaiko Eperlanda eskola zaharreko 2 gela eta 1. solairuko korridorea margotzen eta egokitzen amaitu dute, adibidez, egin dituzten lanen artean. Beste 24 pertsona enplegu berdeetan lan egiteko kontratatu dira. "Dagoeneko hiru talde egin dira lehen deialdiko langileekin, Olabarrietako txaleten, Erletxesko poligonoaren eta Ostalaritza Eskolaren atzealdean kokatuta dauden lurrak garbitu eta mantentzeko. Bigarren deialdiko langileak urtarrilean hasi dira lanean".

Agente zibikoak ere badaude. 16 pertsona ari dira lan hauetan. "Ikastetxe eta hirigunetako inguruko bideetan eskolako komunitateari pasabideetan laguntzen ari dira, eta ospitalearen inguruan erabiltzaileei aparkalekuetan laguntza ematen. Prestakuntza jaso dute eta dagoeneko lanean hasi dira". Bestalde, 10 muralista ere kontratatu dira, "guztiak lana aurkitzeko zailtasun bereziak dituzten gazteak. Dagoeneko prestakuntza-ikastaroak jasotzen ari dira, beren lanak egitera irten aurretik".