Etxebarri 2020 Bonuaren kanpainak arrakasta handia izan du. Oraingoan ere, salgai jarritako bonu guztiak saldu dira, 40.000 euroko balioarekin, herriko dendetan erosteko. Udaletik azaldu duten bezala, “pasa den urtea berezia eta ezohikoa izan da covid-19ak sortutako egoera pandemikoa dela eta, horrek behartu gaitu guztiei oztopoak saihestera eta ahalik eta ondoen aurre egiten saiatzera”. Horregatik, Etxebarriko Merkatari eta Profesionalen Elkarteak egindako lanari esker, Udaleko Merkataritza Arloarekin elkarlanean, “Etxebarri Bonuaren bigarren edizioa arrakastaz burutu da”.

“Udalaren aldetik eskerrak eman nahi dizkizuegu guztioi parte hartu izanagatik eta zuen lankidetzagatik”. 15 euroko prezioa zuten saldu diren bonu hauek, baina erosketak egiterakoan, 20 euroko balioa. Denen lankidetzari eta partaide-tzari esker, “Etxebarri Bonuaren kanpainak aurrez udalerrian zuen presentzia indartu egin du eta”. Ondorioz, “gure establezimenduetan salmenta bultzatzen duten neurri mota hauen alde egiten jarraituko dugu eta 2021ean kanpaina honi egokitutako udal-aurrekontuko partida handitu egingo da, biztanle gehiagorengana iristeko helburuarekin”, azaldu dute.

2020ko bi edizioak aurrekoekiko bereziak eta desberdinak izan dira, bonoak trukatzeko eta lor-tzeko plataforma digitala ezarri behar izan baitute. “Merkataritza Arlotik ulertzen dugu ahaleginak egiten jarraitu behar dugula, pertsona guztiei entzunez, helburu bakarra betetzeko; gure merkataritza erakargarriagoa eta lehiakorragoa bihurtzea”. Horretarako, “merkatari eta profesionalekin lankidetza estuan, tokiko merkataritzaren aldeko apustu sendoa egiten jarraituko dugu, gure udalerriaren garapenerako ezinbesteko elementua baita”.