Galdakaoko Boluntarioen Gizarte Elkarteak (GBGE) jostailuen Gabonetako azoka solidarioa jarri du martxan Galdakaon. Lehen aldiz egiten duten ekimena da. Kasu honetan, salgai jarri dituzten jostailuak, aurretik egindako bilketatik sobratu zaizkienak dira. Bilketa horri esker, GBGEk jostailuak banatuko dizkie hilaren 22an baliabide gutxien dituzten Galdakaoko haurrei.

"Urtero, herrian aukera gutxiago dituzten adingabeentzako jostailuak biltzen ditugu, eta beti da oso arrakastatsua. Aurten soberakina aprobetxatu nahi dugu merkatu solidario hau eginez", azaldu dute. Bildutako dirua GBGEk herrian garatzen dituen proiektuetarako izango da. Lokala Gipuzkoa kalean dago (Ziripot Tabernaren parean) eta 11.00etatik 14.00etara eta 17.00etatik 20.00etara egongo da irekita.

Egoera onean dauden jostailu berriak edo erabiliak dituztenek lokalera eraman ditzakete, beste pertsona batek balia ditzan. Gainera, jostailu hori saltzen denean, GBGEk egiten duen lan solidarioan lagunduko du bildutakoak. Lokalean ia denetarik aurki daiteke: Puzzleak, trizikloak, bizikletak... Hainbat artikulu daude prezio sinbolikoan. Azaldu dutenez, salgai jarri diren ia artikulu guztiek bost euro baino gutxiagoko prezioa dute.

Bizikletak edo patieneteak baino ez dira prezio horretatik gorakoak, eta, hala ere, ez dira 15 eurotik pasatzen. Era berean, opari asko egiten diren egun hauetan, pertsona askok jostailuak prezio onean erosteko aukera izango dute. GBGEren boluntatioek jostailuak biltzen jarraituko dute lokala itxi arte, eta elkartasun ekimenari laguntzeko deia egin dute.

GBGE Galdakaoko boluntarioen elkartea da, eta gaur egun 260 boluntario baino gehiago ditu. Tokiko proiektu ugari kudeatzen ditu, hala nola herriko elikagaien banaketa solidarioa (650 laguni baino gehiagori), Nevera Solidarioa, tokiko ekitaldiak...