- Puy Arrietak eta Jon Etxebarriak urteak daramatzate kalitate handiko gaztak egiten. Zeanurin bertan, Ipiñaburu auzoan, Ordizia Txapeldun gazta lehiaketa irabaztera eraman dituen gazta sortzen dute. Bigarrenez irabazi dute lehiaketa famatu hau. Guztira, lau alditan izan dira lehengoak Ordizian egindako lehiaketa desberdinetan. Ordiziakoa bezalako lehiaketa bat irabazteak "poz handia" ematen du eta, gainera, "positiboa da salmentei begira, jende gehiagok ezagutzen zaituelako eta horrek zure gazta probatu nahi izatera bultzatzen dituelako".

Euren lanbidea txikitatik maite dutelako eta Idiazabal bezalako gazta batek eskatzen dituen kalitate estandarrei jarraituz lortzen dute hori. Bere gaztak Ipiñaburu izena darama Arratiatik haratago, izan ere, bizi diren auzoaren izena darama. Ipiñaburun daukate bere baserria, han dituzte ere ardiak, eta bertan egiten dituzte gaztak.

Bietako bat ere ez da Zeanurikoa, baina gaztak batu zituen bere bideak, eta han familia bat osatu dute. Puy Araiakoa da eta Jon Dimakoa. Nahiz eta hasiera batean ez batak ez besteak ez zuten ikasi horretan aritzeko, egia da txikitatik argi zutela gustuko zutena, landa zela. Horregatik, ikasketak amaitu ondoren, Arantzazuko Artzain Eskolan sartu eta ikastea erabaki zuten. Puyren kasuan, bere etxean behiak zituzten, baina honek, bere aitari ardiekin probatzea proposatu zion. Orduan, 2004an, ustiapenaren agintea hartu eta artzain ibilbideari ekin zion.

Azaldu dutenez, "ez ginen Artzain Eskolan ezagutu, aurrerago baizik, gaztaren munduan" zeudelako. Orduan erabaki zuten beren artaldeak elkartzea eta Zeanurin koka-tzea. Hamar urte daramatzate Ipiñaburun, eta "auzo honek dena eman digu". Ipiñaburuko artzainak bezala ezagutzen dituzte, eta beraientzat harro egoteko modukoa da ezizen hori. Produktuei dagokienez, gazta bakarrik egiten dute, bezero finkoak dituztelako eta esne guztia behar dutelako gaztarentzako.

Profesionalki hasi zirenetik egin izan dute Idiazabalgo gazta, nahiz eta euren etxeetan, beren kontsumorako egiten zuten gazta. Puyren kasuan, Araian "behi gazta egiten genuen, batez ere freskoa". Eta Jonen kasuan, "etxerako egiten genuen, baina oso gutxi". Egunerokotasunean, antolatzen saiatzen diren arren eta zeregin espezifikoak izaten dituzten arren, egia esan, "beti bukatzen dugu denetik pixka bat egiten", lan horretan beti egon behar baita edozeri adi.

Ez dute lur propiorik, alokatua baizik, eta euren ardiak leku ezberdinetan bazkatzen dira. Garai ba-tzuetan Gorbeian edo mendian egon daitezke, eta beste batzuetan baserri aldera jaisten dira. Izan ere, urtaroaren arabera, beren lanak zeregin desberdinak eskatzen dizkie. "Badira mozteko garai batzuk, ardiak jezteko beste batzuk, batzuetan mendian zaude, beste batzuetan gazta egiten...", azaldu dute.

Baliteke hori izatea beren lanean gehien gustatzen zaien gauzetako bat, "beti dagoela zerbait egiteko". Baina, egia esan, dena gustatzen zaie, batez ere, "animaliekin lan egitea", dio Puyk. Baita naturarekin beti harremanetan egon ahal izatea ere. Ez da lanbide erraza, "gauza askoren menpe zaudelako eta, gainera, egunero zain egon behar duzulako", baina "oso lanbide polita da eta izugarri gustatzen zaigu". Azaldu dutenez, bere gogortasunagatik, artzain eta gaztagile lanbidea bokaziozkoa da, eta ez du balio "probatu egingo dut eta gustatzen ez bazait utzi egingo dut" esateak. Euren lanbidearen etorkizuna zalantzazkoa dela uste dute, "ez dago ondare horrekin jarraitu nahi duen jende askorik", baina baikorrak ere badira, "interesa duten gazteak daudelako eta ziur animatzen direla". Ez dute on line salmentarik egiten, baina "konfinamenduan zehar Whatsappen bat bidaltzen ziguten edo deitzen ziguten, eta guk eramaten genizkien gaztak". Orain, egoerak hobera egitea espero dute, "eragina duelako, noski, baina aurrera jarraituko dugu".

"Gogorra da baina oso lanbide polita da eta izugarri gustatzen zaigu"

Ipiñaburu Gaztaitegia

"Lehiaketa irabazteak poz handia ematen du eta gainera positiboa da salmentei begira"

Ipiñaburu Gaztaitegia