Basauri Kirolakek 246.000 euro itzuliko dizkie 3.411 bazkideri. Basauri Kirolaken Kontseilu Errektoreak adostu du urteko bonuaren %45 itzultzea ofizioz, kirol-instalazioak itxita egon diren tartearen eta zabaldu eta gero ere ezarritako erabilera-mugen ordainetan. Covid-19ari aurre egiteko murrizketen ondorio izan dira neurri horiek guztiak, eta konpentsazioa martxoaren 13tik abuztuaren 31ra bitarteko tarteari dagokio.

Guztira, 210.421 euro banatuko dira 3.411 bazkideen artean. “Joan den asterako itzulita zegoen kopuru horren zati handiena (183.522 euro, 2.931 titularren artean), eta orain dela egun batzuk beste ordainketa bat egin zen”, diote.

Martxoan amaitu gabe geratu ziren ikastaroei eta instalazioak itxita egon izanagatik egin ez direnei dagozkien zati proportzionalak ere itzuliko dira. Horrela, 35.090 euro itzuli behar dira ikastaroengatik. Joan den astean 26.441 euro ordaindu zaizkie ikastaroetan izena emanda zeuden hainbat interesduni, beren banku-kontuetan. “Ikastaroen eta urteko bonuaren artean, aurreikusi da guztira 246.000 euro inguru itzuliko direla”.

“Bonua helbideratu gabe duten bazkideei gogorarazten diegu urteko bonu eta ikastaroengatiko itzulketak jaso ahal izateko, beren banku-datuak eman behar dituztela”, azaldu dute. Hori https://bit.ly/3eiEeSU webgunearen bitartez, edo, bestela, salbuespeneko kasuetan, instalazioetara etorrita egin beharko dute.

Irekitzeko plana

Kirol jardueren buelta gutxinaka egin zuten Basaurin. Horrela, Artunduagako Kiroldegia zabaldu zen lehenik, ekainaren 22an. Bertan, kanpoko igerilekua, frontoia, padela, tenisa eta atletismo-pista zabalik daude. Gero beste instalazio batzuk ere zabaltzea aurreikusi zuten (fitness-aretoa, igerileku estalia...).

Hau, beti ere, ingurune seguru bat lortzeko hartutako neurri batzuekin batera egin zen. Zentzu honetan, “erabiltzaileen eta erakunde autonomoko langileen osasuna eta segurtasuna bermatzea izan da Basauri Kirolaken lehentasuna”. Osasun-agintariek ezarri eta gomendatutako garbitasun- eta desinfekzio-neurriez gain, Kontingentzia Plan Berezian jasotakoak ere aplikatu dituzte.

?Gainera, instalazioetan pertsonen arteko segurtasun-tartea gorde, eta maskara erabili behar da. Bestalde, instalazioetara sartzeko eta bertatik irteteko, jarritako seinaleei jarraitu behar zaie ere eta edukiera ere mugatu behar izan da, “erabiltzaileen segurtasuna bermatuta egon dadin une oro”, beste neurri batzuen artean.

246.000 euro. Basauri Kirolakek 246.000 euro itzuliko dizkie 3.411 bazkideri, kirol-instalazioak itxita zeudelako covid-19aren eraginez.

Kurtsoak. Martxoan amaitu gabe geratu ziren ikastaroei eta instalazioak itxita egon izanagatik egin ez direnei dagozkien zati proportzionalak ere itzuliko dira. 35.090 euro itzuli behar dira ikastaroengatik.