San Inazio eguna, Gorbeiako magalean

Elurretako Amaren baselizaren ondoan ospatu zen meza atzo

01.08.2020 | 00:18
Pertsona asko hurbildu ziren Gorbeiara, mezan parte hartzeko eta San Inazio eguna mendi honetan ospatzeko.

Coronavirusaren ondorioz bizi den egoerak ez zuen eragotzi atzo, jende asko Gorbeiara hurbiltzea San Inazio eguna ospatzeko. Han, mendi honen magalean, Elurretako Amaren baselizaren ondoan, San Inazioren omenez urtero ospatzen den ekitaldia egin zuten. Baldintzak ezberdinak dira aurten, eta nolabait, ospakizuna ere desberdina izan zen. Mozalak izan ziren protagonistak, baina zorionez, baita eguraldi ona ere, eta nola ez, ospakizun berezi hau galdu nahi izan ez zuten pertsona askoren jarrera eta gogoak. Eguerdiko 12.00etan meza egin zuten, tarteak errespetatuz ospatu zen ekimena, eta gainera, ondo entzun ahal izateko, Zeanuriko Udalak megafonia jarri zuen.

Gorbeiako txoko honetan urtero egiten den meza berezia da, arrazoi askorengatik. Hasteko, mendi honetara igotzeko ohitura oso errotuta dago, eta asko dira aurreko egunetan, ondorengo egunetan eta nola ez, San Inazio egunean ere, mendigune honetara igotzen direnak egun berezi bat pasatzeko. Baina, gainera, meza hau oso leku berezi batean gertatzen da, ia magikoa; Igiriñaoko katedral naturala edo Elurretako Amaren baseliza. Datu bitxi bat ere badago: Bizkaia osoan altuera handienean ospatzen den meza da, 1.150 metrotara gutxi gorabehera.

Bertsoak abestu zituzten aurtengo ospakizunean. Argazkia: Borja Guerrero

Pobreziari bertsoak
 

Baina atzokoa, San Inazio egun berezia izan zen ere ospakizun apal honetara joan zirenentzat. Izan ere, atzo estreinatu ziren lehen aldiz Arratiako parrokietan egindako bertso batzuk. Luzatu eskua pobreziari bertso sorta lehenengoz abestu zen jende aurrean. Bertso hauen artean, Arratiko tranbiak dagigu aldarri: lozorrotik izartu, ekin bideari. Bizitzan, zalantzetan Jesus da gidari eta zure eskua emon pobreari edo Hona zer entzun neban non? eta Artean. Txoritxu bat kantari plazako artean: gaixo eta pobreak dagozen artean alkar emon eskua guztion artean hitzak entzun ahal izan ziren.

Atzoko ospakizunean gogoan izan ziren aurten hildako mendigoizale eta artzain guztiak. Giro paregabea izan zen, San Inazio martxa kantatu eta gero, Zeanuriko txistulariek euren doinuekin alaitu zuten goiz ederra. Ez zen barauskarririk eskeini, baina horrek ez zuen giroa apaldu. Jose Mari Kortazarrek azaldu zuen moduan, lehen, udan behintzat, baseliza honetan asteburu guztietan eta jaiegunetan ematen zuten meza. Orain, urtean behin baino ez da egiten, San Inazio egunean. "Meza bertan egitearen arrazoietako bat, inguruan lan egiten zuten artzainei eskaini ahal izatea zen, eta, horrela, igandero Igiriñaoko eliz ospakizunera joan zitezkeen".