BASAURI. Pasaden asteko ostegunean, maiatzak 7, Basauriko Udalak orain arte egindako azkenengo osoko bilkura ospatu zuen. Bertan, alderdi guztiek onartu egin zuten bi etxebizitza erosteko 393.356 euroko aurrekontu-kontsignazioa egitea. Etxebizitza horiek genero-indarkeriaren biktima diren emakumeak eta udalerrian gizarte-larrialdi egoeran dauden familiak hartzeko helburua dute, nora joan izan dezaten.

Neurri horri esker, bete beharreko baldintzak betetzen dituen bizilekua eskaini ahalko die Udalak zaurgarritasun-egoeran dauden basauriarrei. Erakundeak bazeukan lehenago ere harrerarako etxebizitza bat, Gizarte Zerbitzuei atxikita 1986tik, Piru Gainza kalean; baina etxebizitza hori ezin izan da sekula erabili, ez dituelako betetzen udal eskumeneko harrera-zerbitzuak eman ahal izateko indarreko araudiak ezarritako gutxieneko baldintzak (Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren prestazio eta zerbitzuen zorroari buruzko 185/2015 Dekretuak arautzen ditu zerbitzu eta baldintza horiek). Horregatik, hain zuzen ere, Piru Gainzako etxebizitza salgai jarriko du Udalak.

Etxebizitza berri biak erosteko izapide guztiak burutu bitartean, Udalak badauka beste etxe bat, aipatutako gizarte-beharrizanak dituztenak hartzeko. Bizileku horrek ere ez ditu betetzen gaur egungo araudiak aurreikusitako irisgarritasun-betebehar batzuk, baina harrera-etxebizitza izateko baldintzak baditu, eta, behar izanez gero, erabili egin daiteke, beste etxebizitzak erosi eta ekipatu bitartean. Etxebizitza hori ere salgai jarriko da, udal etxebizitza berri biak prest egon bezain laster.