BASAURI. Basauriko alkate Asier Iragorrik azaldu duenez, udalak 600.000 euroko aurrekontu-partida bideratuko du herriko merkatari, mikroenpresa, ostalari eta autonomoei laguntzeko. Horietako askok euren negozioak itxi behar izan dituzte alarma egoera dela eta, eta egoera horrek diru galerak eragin dizkie.

Laguntzak bi lerrotan banatuko dira. Alde batetik egongo dira negozio txikiek osasun- eta segurtasun-neurriak bete eta «pertsiana berriro altxatu» ahal izateko inbertsioei dagozkienak. Horrela, bada, Udalak laguntza ekonomikoak banatuko ditu Covid-19a ez hedatzeko jarritako zenbait elementu eta ekipamenduk eragindako gastuei, eta birusaren ondoriozko segurtasun-, prebentzio- eta euste-neurriak bermatzeko erositako ondasun suntsikorrei eragindakoei aurre egiteko (itxiturak instalatzea; eskularruak, maskarak, NBEak eta ozono-makinak erostea, eta abar). Oro har, Basauriko Udalak gastu eta/edo inbertsioen % 60 kofinantzatuko du eskabideko, 1.000 euroko mugarekin. Hala eta guztiz, inbertsioa zertan egin den, aipatutako ehunekoa % 10 handitu ahalko da, eta % 70eraino heldu, egoitza fiskala eta/edo establezimendua Basaurin duten enpresek ematen badute zerbitzua. Edozelan ere, mantendu egingo da aurreko paragrafoan adierazitako gehienezko 1.000 euroko kopurua.

Beste alde batetik, Udalak 800 eurorainoko dirulaguntzak emango ditu negozioen ekonomia-egonkortasuna mantentzen laguntzeko eta, posible den neurrian, jarduerarik gabe egondako aldian jasandako galerak arintzeko. Horrela, bada, alarma-egoeran zehar itxita eta jarduerarik gabe egon diren establezimenduek 600 euroko laguntza jasoko dute. Zenbateko hori 200 euro gehiagokoa izango da onuraduna jarduera dagoen negozioaren errentaria bada. Era berean, 450 euroko laguntza jasoko dute alarma-egoeran zehar zabalik egon, baina, aurreko seihilekoko batez bestekoarekin alderatuta, beren fakturazioa % 75 edo gehiago gutxitu dela egiaztatzen duten establezimenduek. Laguntza horri alokairua ordaintzeko osagarria gehitu ahalko zaio, eta, beraz, 650 euroraino iritsi ahalko da jasoko dena.

Udal arduradunek espero dute eskabideak aurkezteko epea gutxi gorabehera hiru aste barru zabaldu ahal izatea, datorren astean oinarri arautzaileak onartu, izapidetu eta aldizkari ofizialean argitaratu eta gero. «Dirulaguntzok emateko administrazio-izapide guztiak amaitu arte ezingo dugu eskabideak jasotzeko epea zabaldu; baina, segurtasun- eta prebentzio-neurriei dagozkienen kasuan, establezimenduak hasi ahal dira materiala erosten eta fakturak gordetzen, alarma-egoera hasi osteko data dutenak onartuko ditugulako», argitu du Asier Iragorrik. Maiatzaren 11tik aurrera (astelehena) telefono-zenbaki bat (94 466 63 37) eta helbide elektroniko bat (ayudascomerciocovid19@basauri.eus) abiaraziko dira, laguntzen izapidetzea arintzeko eta zalantzak argitzeko.

Herriko merkataritza eta ostalaritza suspertzeko kontsumo-bonuak martxan jartzea ere aztertzen ari da Udala. «Laguntza horien bideragarritasuna eta banatzeko modurik egokiena aztertzen ari gara, ikuspuntu juridiko eta teknikotik; eta zaintzen ari gara laguntzok ez izatea beste erakunde batzuek xede berarekin abiarazitakoen berdinak», gaineratu du Basauriko alkateak. Bestalde, Udalak 100.000 euroko aurrekontu-partida dauka, familiei eskola-materiala erosten laguntzeko, alegia, ikastetxeetara itzultzeko beharrezkoak direnak erosteko, herriko dendetan.

Covid-19ak eragindako krisiaren ondoriozko ezohiko neurri horiez gain, Basauriko Udalak urteko 30.000 euroko beste laguntza-lerro bat abiaraziko du, herriko establezimenduei laguntzeko instalazio- eta ekipamendu-gastuekin, irisgarritasunaren eta berritzearen alorrean egindako hobekuntzen ondoriozkoekin, eta irudia, lehiakortasuna eta kalitatea hobetzeko egindako inbertsioekin.

Gainera, Udalak dirulaguntzak ematen dizkio Basauriko Merkatari Elkarteari —besteak beste, herriko merkatari guztientzako laguntza teknikoko bulegorako, Basauri Txartelerako eta zenbait jarduera sustatzeko—, eta laguntza ekonomikoa eskaintzen du herriko merkataritza eta ostalaritza dinamizatzeko jarduera puntualetarako eta ekimen batzuk sustatzeko (adibidez: «Helmuga Basauri).