GALDAKAO. Ez dira garai errezak establezimendu txikiak dituzten ostalarientzat. Denbora luzez lokalak itxita egon eta gero, pertsiana igotzeko ordua heldu da, baina gobernuak ezarritako segurtasun neurriak euren egoera konplikatu egin du. Ostalari horiei laguntzeko asmoz, Galdakaoko Udalak ostalaritzako terrazak zabaltzeko erraztasunak emango dituela adierazi du.

Itzulerarako planaren baitan protagonismo berezia hartu dute terrazek. Izan ere, maiatzaren 11tik aurrera, janaria eramateko ez ezik, terrazetan kontsumitzeko ere zabaldu ahalko dituzte ateak tabernek, nahiz orain arte onartuta zuten gaitasunaren erdia soilik onartuko zaien.

Galdakaoko Udalak adierazi duenez, itzulera erraztu nahi die taberna zein kafetegietako jabeei, eta horretarako, hainbat neurri onartuko ditu terrazekin lotuta. Alde batetik, terrazagatik ordaindu beharreko tasa normaltasun egoera itzuli bitartean salbuetsita uztea aztertzen ari da. Beste alde batetik, egin beharreko tramiteak erraztu egingo ditu, eta ondorioz, terraza iazko baldintza berdinetan jartzeko asmoa dutenek ez dute eskaera berria aurkeztu beharrik izango. Baldintzak aldatu nahi dituztenek epe mugarik gabe egin ahalko dute eskaera ESANen, telefono bidez zein emailez.

Horrez gain, udala prest dago egun eta ordu zehatz batzuetan kale batzuk oinezkoentzako bihurtzeko aukera aztertzeko, ostalariek horretarako interesa agertzen badute.

Udal ordezkari eta teknikariak datozen egunetan batzartuko dira ostalariekin neurri hauei buruz hitz egin eta bere iritziak jasotzeko; Usansolokoekin ostegunean batzartuko dira, eta Galdakaokoekin ostiralean.