GALDAKAO. Bizitzen ari garen eta gutxienez apirilaren 11ra arte iraungo duen alarma egoera dela eta, Galdakaoko Topaguneek eta ludotekek garai berrietara egokitu behar izan dituzte euren zerbitzuak. Horregatik, herriko gaztetxoenen ongizaterako lanean dihardute, baina orain online.

Instagram bidez ari dira Topagune birtualean. Egunero erronka, ekintza edo proposamen bat plazaratzen dute sarean. Astelehenetik igandera, egunero, ekintza bat aurkeztuko dute topaguneek, gazteek horietan parte har dezaten. Astean behin sukaldaritza tailerra izaten dute, esaterako, astean bi egunez eskulanak, eta gainontzeko egunetan asmakizunak, challengeak, galderak, lehiaketak eta bestelakoak. Parte hartzeko, Instagrameko @topaguneak kontuari jarraitu, eta eguneroko historietan erronkak eta proposamenak jarraitzea besterik ez da egin behar.

Ludotekak ere Instagramen ari dira. Hiru kontu sortu dituzte etxetik parte hartzeko: @urretakoludoteka, @berezikoetxekoludoteka eta @aperribaikoludoteka. Denetariko jardunak egingo dituzte, egunean bat. Datorren astean, esaterako, erronka izango dute astelehenean Urretan, dantza tailerra asteartean, sukaldaritza tailerra asteazkenean, eskulana ostegunean eta jolasa ostiralean. Hiru ludotekek programazio bera izango dute, baina egun desberdinetan banatuta. Horrela, familiek ekintza bakoitza ondoen datorkien egunean egin ahal izango dituzte. Ludoteken arteko erronka lehiaketak ere egin ahalko dira.

Bengoetxeko ludoteka, berriz, webgune bat presatzen ari da. Aurreratu dutenez, hiru atal izango ditu atari horrek: sormena, kirola eta aholkuak.

Usansoloko ludotekari dagokionez, Zoom aplikazioaren bidez ari da konektatzen izena emanda duten umeekin, jolas, erronka eta denetariko ekintzak etxetik egiteko. Izen emateak zabalik jarraitzen du usansololudoteka@gmail.com helbidean.

Topaguneen zein ludoteken laguntzarekin, denbora modu atsegin eta hezitzailean erabili eta euskararekiko lotura mantentzeko deia egiten die udalak gazte, haur eta gurasoei.