Bajan denbora luzez dauden Galdaokoko udal langileek soldataren %100 jasoko dute. Orain arte, aldi baterako ezintasun egoeran zeuden langileek %20ko murrizketa izaten zuten soldatan seigarren hilabetetik aurrera

Hemendik aurrera, soldata osoa jasoko dute lan egin ezinik denbora luzez daudenek ere; baja hartu aurreko hilabetean jasotzen zuten soldata bera.

Lege bat du abiapuntu aldaketak: 6/2018 legearen 54. xedapen gehigarria. Administrazio publikoko langileen aldi baterako ezintasunei buruzko lege horrek ezabatu egiten ditu murrizketak, eta administrazio publiko bakoitzari aukera ematen dio, negoziazio kolektiboaren ondoren, langile horien ordainsariak zehazteko.

2018ko uztailean sartu zen indarrean lege hori, baina udalak ez du, orain arte, legea bere araudian txertatu. EH Bildu, Auzoak, Usansolo Herria eta Podemos taldeek osatzen duten udal gobernuak araudi aldaketa langile batzordearekin adostu du. Sindikatu guztien sinadura jaso duen aldaketa otsaileko udalbatzan bihurtu da ofizial, eta atzera eragintasunez ezarriko da 2020 urte hasieratik. Udalbatzak aho batez onartu du aldaketa.

Metroari buruzko eskaera

Beste gai batek, ordea, eztabaida eragin du udalbatzan: metroak. Podemosek aurkeztutako mozioari buruzko eztabaidan, gaia berriro udalbatzara eramanda "populismoz" eta hauteskunde interesekin aritzea leporatu dio oposizioak. Hala ere, hainbat akusazio eta eztabaidaren ondoren, udalbatzak onartu egin du proposamena.

Bost puntuko mozioa da udalbatzak onartu duena. Batetik, Eusko Jaurlaritzari eta Bizkaiko Foru Aldundiari metroarekiko loturari buruzko azterketa informatiboa ahalik eta arinen aurkezteko eskatu die, eta, horrekin batera, azpiegituraren finantzaziorako plana eta lanen hasiera eta amaiera jasoko dituen egutegi fidagarria ere gehitzeko.

Linearen behin betiko diseinua egiterakoan Sarratuko geltoki intermodalari lehentasuna emateko ere aldarrikatu du udalbatzak, eta azpiegiturak Aperribai eta Bengoetxeko herritarren mugikortasun eskubidea bermatuko duela ziurtatzeko.

Bestetik, lanak fase bakar batean egin daitezela ere proposatu die, eta bestela, Galdakao erdigunearen eta Aperribai zein Bengoetxe auzoen arteko loturari lehentasuna emateko.

Euskotrenek egun betetzen dituen lurrak hutsik geratzen direnean lur horiek zertara bideratu hausnartuko duen mahai bat osatu dezala ere proposatu dio udalbatzak Eusko Jaurlaritzari. Galdakaoko Udalaz gain, Etxebarrikoa eta Basaurikoa ere egongo lirateke mahai horretan, proposamenaren arabera.

Azkenik, trenbide egituraren eraikitze proiektua 3. Linearen lurpeko luzapen gisa gauza dadila aldarrikatu du Galdakaoko Udalak, eta, beste muturrean, Usansoloko geltokian Euskotrenen línea nagusiarekin lotuta egon dadila.