ETXEBARRI. Etxebarriko Udalak pasaden ikasturtean, 2018/2019an, euskaltegietan euskarazko ikastaroak egin zituzten biztanle helduei eman beharreko dirulaguntzak esleitu ditu dagoeneko. Dirulaguntza horien helburu nagusia jendea euskaraz ikastera animatzea da, sari sistema ezarriz. Gainera, ikastaroez aparte, euskaltegiek antolatu ohi dituzten Egonaldiak edota Barnetegiak dirulaguntzak jasoko dituzte baita ere; hala nola, Udako Euskal Unibertsitatean egindako ikastaroak.

Laguntza hauek etxebarritarrei zuzenduta daude orokorrean eta laguntza bereziak eskaintzen zaizkie gurasoei, aitite/amamei (0 eta 10 urte bitarteko seme-alabak edota ilobak dauzkatenei) eta udalerriko talde eta elkarteetan lan egiten duten begiraleei.

Aurten, guztira 129 eskaera jaso dira. hauetatik 16 Etxebarritik kanpo egindako ikastaroengatik, gainontzekoak Etxebarriko euskaltegian egindakoak dira, bai ikastaro presentzialak bai autoikaskuntza bidezkoak.

Guztira, 25.000 eurotik gorako kopurua baliatu du udalak laguntza hauek emateko.

Matrikulazioaren joera goranzkoa da azken urteotan, 2019/2020an zehazki 225 ikasle daude Etxebarriko euskaltegian matrikulatuta, honenbestez aurreikusi dezakegu datorren urtera begira laguntzen kopuruak ere gorazko joera izango duela.

Laguntza hauek jaso ahal izateko ezinbestekoa izango da Etxebarrin erroldatuta egotea, % 90 eko asistentzia izatea gutxienez eta aprobetxamendu egokia. Horretaz gain hurrengo ikasturtean euskaltegian izena ematea ere eskatzen da (salbuetsita daude arrazoi justifikatuak aurkezten dituztenak, maila-azterketa gainditzea adibidez).