BILBO. Galdakaok Santakurtzak ospatuko ditu hurrengo ostiraletik aurrera. Jaiak irailaren 13tik 22ra bitartean izango dira, eta lasaiak eta eraso sexistarik gabekoak izan daitezen nahi dute. Horregatik, Momoak talde feministak manifestazio bat antolatu du bihar, osteguna, arratsaldeko 20:00etan. Mobilizazioa Santi Brouard plazan hasiko da, eta Galdakaoko Udalak bat egingo du harekin, herritarrak bertaratu daitezen deia eginez.

Jaiei dagokienez, Udalak jaietako programaren 15.000 ale banatu ditu azken egunotan, guztira 160 ekintza programatu direlarik jaiak irauten duten bitartean.

Ekintzak ostiralean hasiko dira jaietako desfilearekin, Plazakoetxetik hasita. Jarraian, Mozoilo Irratiak eta herriko Jubilatuen plataformak elkarrekin txupinazoa eta pregoia irakurriko dute. Ondoren, Oxabi eta Hellydays, herriko taldeen kontzertua izango da Ardanza Parkean. Larunbatean, Kurtze Santuaren egun handian, 11:15ean, meza aurretik Korporazioaren ekitaldi nagusia izango da; meza ondoren, Bizkaiko Sokadantza.

Akabu, Tremenda Jauría, Otuz, Eskean Kristö eta Itziarren Semeak, Asier Bilbao eta Fangoria izango dira aurtengo kontzertuak eskainiko dituzten artistak.

Bi larunbatetako kontzertuen ondoren, nobedade gisa, herriko gazteen eskutik DJ Gaua eta erromeriak izango dira txosnetan.

Gainera, ostalariek euren kontzertuak eskaintzea lortu da, euren artean kolaboratuz eta Galdakaoko santakurtzetan ostalaritza sektorearen parte hartzea eta inplikazioa sustatuz. Era berean, eskaintza musikala handitu da, txosna-gunean kontzertuak eta Kurtzeko plazan Dj-ak programatuz.

Bestalde, hilaren 20an, ostirala, Orquesta Remix-en kontzertu-kamioia Mugaburu kalearen eta Agirre Lehendakariaren Plazaren artean kokatuko da, 24:00etan. Gainera, hilaren 14an, larunbata, 10:00etatik hasita, Plazakoetxen paella txapelketa programatu da eta, hilaren 15ean, igandea, 16:00etan, Elexaldetik Goitibeheren jaitsiera izango da, berriro Galdakaotik antolaturik.