BILBO. Oraingoan, pilotalekuan ikusgai izango dugu Mikel Urrutikoetxea eta Aimar Olaizola aurrelarien arteko lehia, Aranguren gazte gipuzkoarra eta Aretxabaleta markinarra atzean dituztela. Ikuskizuna 22:00etan hasiko da, baina aurretik Alberdi eta Etchegoin, eta Arretxe eta Salaberri bikoteen arteko norgehiagoka jokatuko da.

Hala eta guztiz ere, profesionalek ez dute pilotazaleen artean protagonismo osoa hartuko; izan ere, hurrengo egunean, hilaren 20an (larunbata), benjamin eta benjamin aurreko kategorietako pilota-partidak jokatuko dira anbulatorioko pilotalekuan, Arguia Pilota Eskolak antolatuta. Horrez gain, hilaren 21ean, benjamin aurreko, benjamin eta kadete kategorietako partidak jokatuko dira udal-pilotalekuan.

Gainera, ez dira faltako herrian oinarri sendoa duten beste kirol batzuk. Xakeari dagokionez, hilaren 21ean, larunbatean, Taldekako Partida Laburren Txapelketa eta Haurrentzako Txapelketa jokatuko dira udaletxeko arkupeetan. Taekwondoa ere egongo da eta haur eta gazteentzako ate irekien jardunaldia antolatuko da kiroldegian. Horrez gain, eskalada eta herri kirolen erakustaldi bat ere egingo da Juan XXIII plazan. Halaber, larunbatean Gildos Futbol 7ko Txapelketako finalak argituko dira, baita Padel Txapelketako emakumezkoen eta gizonezkoen finalak ere. Azkenik, hilaren 20an, 3x3 Saskibaloi Txapelketa jokatuko dute benjamin, kimu eta baby kategorietan anbulatorioko kantxan.

Hilaren 21ean, urpekaritza-ikastaro bat eskainiko da 11:00etan eta, aldi berean, ohiko Hiriko Patinaje Ibilbidea egitea aurreikusten da. Madalena Egunean idi-proba bat antolatu da Urgoiti pasealekuan, Osasun zentroaren parean. Hilaren 23an, jarraipena emango zaio CB Padura taldeak antolatutako Saskibaloi Triangeluarrari, hurrengo egunean amaituko baita hirugarren partidarekin, baina aurretik emakumezkoen partida bat izango da tokiko taldearen eta Gernika KESB taldearen arten. Azken jai-eguneko hitzordua txirrindularitzarekin izango da XV. Txirrindularibiran.